
Erriberriko 27. Antzerki Jaialdiak antzerki, dantza, zirku, clown, musika eta performanceak programatu ditu abuztuaren 2ra arte, Lurraldea ospatuz lelopean. Ekimena Tafallara, Beirera, Pitillasera eta San Martín de Unxera ere zabalduko da.
Makina bat emanaldi eskainiko dituen egitarauak Euskal Herriko, estatuko eta nazioarteko konpainiak batuko ditu. Guztira 27 konpainia arituko dira, eta horrez gain, bi sorkuntza-erresidentzia, hainbat prestakuntza-tailer eta publikoari irekitako topaketak ere izango dira.
Euskarazko antzerkiak lekua izango du programazioaren barruan, eta hala, gaur berton, hilaren 23an, Dejabu Konpainiaren Itzulera lana ikusteko aukera egongo da. Oholtza gainean, Miren Alcala, Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo eta David Aguilar izango dira antzezleak. Lanaren korapiloa hauxe da: “Konpainia bateko hiru kideek Mexikora eginiko bidaia kontatzen du antzezlanak. Dokumental bat grabatzera joan dira krisi kreatiboan dauden kideak, Etxepare Euskal Institutuak emandako dirulaguntza bati esker. Ezusteko gertakari batek zeharo aldatuko du bidaiaren norabidea ordea”.
Bertako kideek esan duten moduan, zuzenean sortutako filma baten moduan eszenaratzen da lana. Hiru antzezleez gain, David Aguilar zinegilea egongo da oholtzan, zuzeneko irudien sorkuntza eta errealizazioan. “Komedia existentzial honetan ez dira faltako abentura, paisaia psikodelikoak eta bizia salbatuko dien txakur chihuahua bat”.
Egun guztietako programazioa ikusteko: Erriberriko Antzerki Jaialdia.



