BESTELAKOAK

Udaz ondo gozatu!

Nontzeberrik udako tartea hartuko du atsedenerako. Udaz ondo gozatu!

BARRUTIK

gauza asko ikasi dugu denbora gutxian:
oinetako dendak ileapaindegiak
bezeroak galtzen hasi eta
abisu eman gabe etorri da shock egoera,
ondoren ezinezkoa dirudi norabidea ituan jartzea

lehentasun bihurtu da ekonomiaren koma eragoztea,
aldi honi bere haurrak nola hazten diren
ikusteko grina apaldu ahala
gobernuz kanpoko boluntarioen esku utziko da
piramide demografikoetako sarkofagoak arpilatzea

elkartasun proletarioak ihes hodi itoa dirudi
merkatuen joera izutuarentzat,
gaitza hurrengo belaunaldian pozaren
eroale asintomatikoek zabalduko dutela espero da

frontoiko artekarien gangar hotsean
jaulki ditut sehaska kantak geriza baretze aldera
hala ere nago egundainoko gure irabaziak
ongizate-gulag gotortu hauexek direla

gauza asko egiten dugu orain leiho-balkoietan
—ahaztu egingo zaizkit idazten ez baditut—
ez dakit gero zein hizkuntzatan azalduko dugun
zertan den hemengo diglosia emozionala

orain gehiago dakigu, kaleak hustu eta
sapailoetako frankotiradore bilakatuta
nik ere txaloka ekiten diot edozeinen aurka;
ari gara ikasten batak bestea ukitzeke
elkar nola maite

gainerako gertagarrien aukera baztertu gabe
krisi honen ostean, zoragarria litzateke
bakoitza berea ez ezik
beste inoren itzala ferekatzeko gai izatea

(Jose Luis Otamendi)

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button