
GazTEEN musika FESTA! 12 eta 20 urte arteko gazteentzako doaneko jaialdi bat da. Musika Bulegoak babesturiko bigarren edizioa abenduaren 29an eta 30ean egingo da Bilboko Hika Ateneon. Kontzertuek eta tailerrek osatuko dute programazioa.
GazTEEN musika FESTAk musikaren munduan dabiltzan gazteentzako hartu-eman espazio bat izan nahi du. Espazio horretan beraien lana eszenatokian aurkeztuko dute beste musikari gazte batzuen lana entzuten duten bitartean.
Bi egun horietan bakarka zein taldeka 12 eta 20 urte arteko gazteak arituko dira, eta kontzertuez gain musika jorratzeko forma berriak ezagutzeko edota formazioan sakontzeko tailerrak izango dituzte. Adibidez, Iban Urizar Amorantek loop-a nola erabili irakatsiko die; Fabian Morales Sanchez -ek Ruidorama: Soinu esperimentazio eta esplorazio tailerra egingo du; eta azkenik, Abestiak Sortzen tailerrean, Maria Ereña eta Josu Pintor musikari gazteen laguntzarekin abesti bat nola egin ikasiko dute.