IKUS-ENTZUN

“Ray” filma pantailaratuko du Iruñeko Beltza Weekend jaialdiak

Bihar hasiko da Iruñeko Beltza Weekend musika beltzen jaialdiak ondutako zine zikloa Ray (Taylor Hackford, 2004) filmaren emanaldiarekin. Proiekzioa Kondestablen egingo da, 19:30etik aurrera. Emanaldia German Rubio irrati esatari eta erritmo beltzen zaleak aurkeztuko du.

Ray Charles musikari mitikoaren bizitza jorratzen du Ray filmak. Rayk pianoa jotzen zuen, eta askotariko musikak landu zituen, tartean, jazz, rhthym and blues, country, gospel eta garai harten loratu berri ziren rock’n’roll erritmoak. Jamie Foxx aktore estatubatuar ezagunak antzeztu zuen musikari itsua, eta antzezlan hori da filmaren aspekturik azpimarragarriena, Ray Charlesen musika bikaina ahaztu gabe. Emanaldia aurkeztuko duen German Rubiok, ostera, Grupo Salvaje izeneko zineari buruzko irratsaioa zuzentzen du Eguzki Irratian.

Zikloaren baitan beste bi film pantailaratuko dira hil honetan: Soul Power (Jeffrey Levy-Hinte, 2008), Miguel Angel Gonzalez musikariak aurkeztua, eta Wattstax (Mel Stuart, 1973), Ion Celestino musikariaren eskutik.

Erritmo beltz zaharren inguruan ardazten den Iruñeko Beltza Weekend jaialdiaren bigarren edizioa urriaren 4, 5 eta 6an egingo da. Festa beltz horretan, hauexek joko dute, besteak beste: Sister Cookie (Britainia Handia, rhthym and blues), The Beat From Palookaville (Suedia, rhthym and blues eta ska) eta King Salami & The Cumberland Three (Britainia Handia, rhthym and blues). Behin betiko kartela beste hiru talderekin osatuko da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button