BESTELAKOAK

Musikaire, Elorrioko udako jaialdi potoloa

Elorrio prestatzen ari da bere jaialdirik ederrenetako bat jasotzeko, izan ere, ekainaren 29tik uztailaren 29ra, Musikaire gauzatuko da hamabost ekitaldi ezberdinekin.

Musika, antzerkia eta dantza ikuskizunak izango dira kalean, doan, herritar guztien gozagarri, eta Euskal Herriko eta munduko musikak, (klasikoa, jazz-a, blues-a,…) antzerkia, dantza garaikidea, tradizioa, umorea,….

Ekainaren 29ana abiatuko da dena, 22:00etan, Bergarako Orkestrak Sinfonikoak bertako elizan egingo duen saioarekin. Ekainaren 30ean, 20:00etan, Gehi Zazpi biolontxelo taldearen txanda izango da. Durangoko Kontserbatorio Profesionaleko hainbat ikaslek osatzen dute taldea.

Uztailaren lehen egunean, 22: 00etan, hain ezaguna den Alos Quartet (Euskal Herria) taldearen ikuskizuna izango da. Alos Quartet 1999an sortu zen eta musika klasikoan eta garaikidean ibilbide artistiko luzea duten musikariek osatzen dute.

Uztailaren 6an, 22:30ean eta bertako Tola Jauregian, Elliott Murphy rockeroaren kontzertua entzuteko parada izango da. Berak dioenez “literatura nire erlijioa da baina rock and roll-a nire menpekotasuna”.

Uztailaren 8an, 22:30ean plazan Kataluniatik datorren Clownic-Tricicle Taldea arituko da Ticket lanarekin. Umorezko zinemaren historian zehar bidaia egingo duzue talde barregarri honekin.

Uztailaren 13an, 22:30ean Dantzaz Konpainiak Arte–An lana aurkeztuko du. Arte-Anekin, konpainiak berriro heldu dio Itzik Galili maisu ospetsuarekin lankidetzan aritzeari. Abagune honetan, koreografo israeldar honen Earth apples apartekoa eskainiko da berriz ere, eta nazioarteko sortze lan bat, Flash deluxe, Donostiako konpainiaren eskutik.

Travellin Brothers Big Band, uztailaren 14an arituko da bertako plazan 22:30ean. Talde handia eta eskarmentuduna 2 tronpeta, 2 tronboi, tuba bat eta 4 saxorekin, eta horrez gain 2 korista, bi biolin eta gitarra akustiko bat.

Uztailaren 20an, 22:30ean Madriletik etorriko den Morboria Teatrok El Rey y El Bufon lan ikusgarria egingo du.

Uztailaren 22an, Afrikako musika entzuteko parada ederra egongo da, 22:30ean Maliko Fatoumata Diawara kantariarekin. Malin jaiotako artista honek, berak idatzi eta egokitzen ditu bere abestiak, eta oraingoan bere berezko lehen grabaketarekin dator, Wassoulou musikarekin eta soul, funk eta jazz musiken eraginpean.

Azkenik, beste gauza askoren artean, nabarmentzekoa da uztailaren 27an, 22:30ean, Korrontzi taldeak egingo duen kontzertua. Talde horrek, euskal musika tradizionalarekin lotura handia du eta poztasuna zabaldu nahi izaten du bere kontzertuetan.




Uztailaren 28an, betiko orduan, Logela Multimedia & Kukai kolektiboaren txanda izango da. Elorrioko Elizako aurrealdean Logela Multimediak sortutako hiru dimentsiotako irudiak proiektatuko dira mapping teknikaren bidez. Mugimendu efektu harrigarriak eta berritzaileak ikusteko aukera paregabea izango da.

Informazio osagarria nahi baduzue begiratu hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button