ESZENA

dFERIA, antzerkia eta dantzarik erakargarriena

Donostiako Arte Eszenikoen feria atzo hasi eta 15a bitartean luzatuko da.  Antzerkia eta dantza programazio erakargarriena, bertako Imanol Larzabal aretoan ( Lugaritz K.E.), Gazteszenan ( Egia K.E.), Intxaurrondo Kultur Etxean, Antzoki Zaharrean, Victoria Eugenia antzokian eta bere Club Aretoan eskainiko da.
Arte eszenikoen sektorearen topaleku nagusi bihurtzen da bost egunetan dFERIA hau, eragileen arteko hartu-emanak sustatuz eta sektorearen beraren garapena erraztuz.

Atzoko saioetan, Rojo al agua (Kabia), Cantica II (Studio Emiliano Pellisari), Itzulera (Factoría de Fuegos) edota Rosmersholm (Gonçalo Waddington) lanak ikusteko parada egon da.
Gaurkoen artean nabarmentzekoak dira Ali Baba eta 40 lapurrak (Borobil Teatroa) eta Tempus-i (Anakrusa). 

Proposamenak ikusita, argi dago aurtengo dFERIA Dantzan programa oso potolo eta kalitate handikoa datorrela. Guztira, sei konpainia euskaldunek aurkeztuko dituzte euren lanak dFERIAn: Privolva (Olatz de Andres), Tempus, -i (Anakrusa), In Corpore Sano (Organik Dantza-Antzerkia), Ninika (Elirale konpainia), Act of God (Ertza) eta Arte-An (Dantzaz Konpainia).

Arte Eszenikoekin zerikusia duten hainbat jarduera ere antolatu dira, hala nola, antzerki tailerrak, koreografia eta dantza garaikidearen workshop-a… Horretaz gain, Victoria Eugenia Antzokiaren 100 urteen ospakizunean egongo da dFERIAko XVIII. edizio hau arte eszenikoekin zerikusia duten pertsonen testigantzekin.

Gaur egun erreferente argia bihurtu da ekimen hau arte eszenikoetako profesionalentzat, eta harremanak estutzen jarraitzen du Latinoamerika eta Europako merkatuekin. Donostiako Feriak, areto programazioari eta etorri ohi diren programatzaileen ugariari esker, nabarmentzea lortu du. Programazioan eta produkzioan duen kalitatea da dFERIA ekimenaren ezaugarria.

Informazio guztia ekimenaren webgunean dator bilduta.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button