IKUS-ENTZUN

Emakumeek egindako Zinema Karabana

Kultura Communication eta Desarrollo KCD-GGKEren eta Klaketa Araberen bultzadaz atondu da Emakumeek egindako Zinema Karabanaren hamabigarrena edizioa. Maiatzaren 22tik 26ra Azkuna Zentroko Golem zinema-aretoetan pantailaratuko dira ziklo horren filmak.

Oraingoan, sei film interesgarri ikusiko dira Bilbon, bi dokumental eta beste lauak, “ikusleei zenbait gai eta begirada berri eta estimulatzaileak erakutsiko dizkieten fikzioak”.

Nazioarteko film-sorta horren nondik norakoak honelaxe deskribatu dute antolatzaileek: “Tamar emakume gaztearen historia ezagutu ahal izango dugu: Gazatik ihes egitea erabaki zuen, munduari erreklamatzeko palestinar herriari ematen ez zaion laguntza. Foragers dokumentalak umore ironikoa eta hausnarketa poetikoa baliatzen ditu ikus dezagun zer drama bizi duen komunitate palestinarrak, ezin baitu basaelikagairik bildu landan, Israelgo legeek eragotzi egiten dutelako. Lau fikzioek Sarajevora eramango gaituzte lehenengo; han hitzordu itsua izango dugu Asja eta Zoranekin, gerrak ez direla inoiz guztiz amaitzen erakutsiko digun pelikulako bikotearekin. Gero, Dominikar Errepublikara bidaiatuko dugu Natalia eta Oriolekin; bi zinemagile gazte dira, eta, bikote maiteminduak elkarrizketatzea erabaki dutelarik, beren harremana zalantzan jartzera eramango dituzten kontraesanak aurkituko dituzte bide horretan. Karine heroi berriarekin, garbitzaileek Frantzian duten lan-egoera ezagutuko dugu. Eta, amaitzeko, Nana ezagutuko dugu, 60ko hamarkadako Indonesiako landa-eremuan bizi den eta adin ertaineko krisian dagoen emakumea. Estetika eta soinu zirraragarriak dituen filma da.”

Emakumeek egindako Zinemaren 12. Karabana horretan etorriko diren filmen emanaldietan hainbat emakume zuzendari izango dira beren lanak zuzenean aurkezteko.

Gaur, maiatzak 22, No Mires (Emakumeentzako bideo-tailer partizipatiboan egindako bideoa), Los que no sienten (Marta Porto Diz, Alba Cantero, Carlota Mojica, Débora Vargas. Palestina, Espainia, 2019), eta Foragers (Jumana Manna, Palestina, 2022) filmak pantailaratuko dituzte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button