LITERATURA

Inazio Basterretxea Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren irabazlea

Inazio Basterretxea bizkaitarra Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXIX. edizioan irabazle suertatu da Berunezko iretargia quilates baporean izenburuko lanarekin. Atzo egin zen ekitaldian saria eman zitzaion.
Gaztelaniazko modalitatean Mariano Quirós idazle argentinarra izan da irabazlea, Cazador de tapires ipuinarekin. Irabazle bakoitzak 4.100 euro jasoko ditu.

Katixa Agirre, Juan Cruz Igerabide eta Igor Estankona idazleek osatutako epaimahaiak lehiaketara aurkeztutako gai eta estilo aniztasuna azpimarratu du, eta bere ustez Inazio Basterretxea Poloren Berunezko iretargia quilates baporean kontakizuna izan da aurkeztutako 41 ipuinen arteko onena. Epaimahaiaren iritziz, ipuinak, hasiera potente baten bidez, Gerra Zibileko pasarte lazgarri batera garamatza, kronikaren teknika erabiliz hunkidura distantea lortuz.

Horrez gain, Bilboko Udalak, 2.050 euroko hiru accesit eman dizkie Maite Sasia Vergara eta Juan Andrés Saiz Garrido idazleei, gaztelaniazko modalitatean eta Jon Abril Olaetxeari, euskarazko ipuinen modalitatean.

Han adierazi zenez, partaidetza handia izan da eta egileen nazio eta nazioarte mailako jatorri anitza ere bai, izan ere, lehiaketara 1.498 lan aurkeztu dira -lehiaketaren ia 30 urteetan izan den kopururik handiena–, horietarik 41 euskaraz eta gainerakoak gaztelaniaz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button