ESZENA

EliralE dantza konpainiak “H” taularatuko du Saran

EliralE dantza konpainiak H izenburuko ikuskizuna aurkeztuko du gaur, urtarrilak 18, Sarako Lur Berri aretoan, 20:30ean. Pieza Azkainen bizi den Pantxika Telleria lapurtarrak zuzendu du.

Ikuskizunak “betetzen gaituzten gauza txikiak” ditu ardatz, bai eta norberaren hausnarketarako gaitasuna ere. Obra Amaia Hennebutte Millarden eta Ur Apalategiren testuetan oinarrituta dago, Himalayajavakaputazidiburrina eta Beste bizitza idazkietan, hurrenez hurren. “Haien hitzak jin hitzak joatearekin, gure gizaldiaz gaituzte galdekatuko, betetzen gaituzten hutsaren zorabioei ekarri erantzun baten gisara”.

Ikuskizunaren koreografoa den Telleria ere izango da oholtzan Lorentxa Iturralde, Eneko Gil, Jose Cazaubon eta Joxelu Berasategirekin batera. Obrak 45 minutu irauten du, eta zazpi urtetik gorakoei zuzenduta dago.

Pantxika Telleria koreografoari dagokionez, Donibane Lohizunen jaio zen, eta txikitan murgildu zen euskal dantzan. Heldu ahala, modern-jazzaren esparrura egin zuen salto, eta geroago dantza klasikoa ere jorratu zuen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button