ARTEA

Ekintza, istripu, dezepzio eta sorpresa askoren metaketa

Carreras Mugica Bilboko galeriak Oier Iruretagoiena artistak galerian egin duen hirugarren bakarkako erakusketa aurkeztu du: Intzidentzia metatua. Erakusketa maiatzaren 11 bitartean ikusi ahalko da.

Sortzaileak hala deskribatu du bere sorkuntza prozesua: Egun batez estudiora joan, hiru egur zati ebaki eta kolaz itsatsi, eta alde egin nuen; hori izan zen lehen pausoa. Ez nintzen biharamunera arte itzuli, jarraitu aurretik kola ondo lehor zedin. Gero eta gehiago izan ziren elkartutako zatiak, eta hazten ari zen objektua egunez egun.
Momentu jakin batean erdibitu, eta erdi horietako bakoitza garatzen jarraitu nuen, haiek ere momenturen batean zatitzeko. Hor dute jatorria hemen aurkeztutako eskultura berri guztiek, eta argiki erakusten dituzte prozesuaren arrastoak, zeina eguneroko erabaki txikien kateaketa izan den. Gainazaletik ikus daiteke nolakoa den barruko egitura, egur eta paper-pastazko geruzez osatua, eta lantegian bizitako denbora ere igar daiteke haietan; zenbat pasa den hasieratik obra bakoitza amaitutzat eman arte. Egurraren beraren hariek, bestalde, pinuaren hazte prozesuaren berri ematen dute, eta lerro gehiago gehitzen dizkiote eskulturetako geruzen sareari. Horregatik, bai objektu multzo honek eta baita erakusketak berak ere, Intzidentzia metatua dute izenburu. Ekintza, istripu, dezepzio eta sorpresa askoren metaketa da.

Oier Iruretagoienak (Errenteria, 1988) musika esperimentalean hasi zuen ibilbidea, eta eskultura bezalako beste formatu batzuetara zabaldu zuen gero bere lana. Arte Ederretan lizentziatu zen EHUn 2011n, Universitat de Barcelonan ere urtebete eginda, eta 2018an Bruselako WIELS egoitzen programan parte hartu zuen. Bakarkako erakusketak egin ditu Bartzelonako Ana Mas Projects galerian (2022), Donostiako San Telmo museoan (2021), Bilboko CarrerasMugica galerian (2019 eta 2015) eta Bartzelonako Halfhouse espazioan (2014), besteak beste. Le Larraskito Kluba espazioko koordinatzaileetako bat izan zen 2011tik 2020ra, eta Berria egunkariko zutabegilea da 2020tik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button