MUSIKA

Cancer Moon taldearen “Hunted by the snake” berriro sutan

Hogei urte eta gero, Bilboko Cancer Moon taldearen estreinako lana, Hunted by the snake (Polar Records), berrargitaratu dute LP formatuan, 180 gramoko biniloan, hain zuzen. Berrargitalpena Bilboko Discos Crudosek egin du eta bermasterizatua dator. Diskoa salgai izango da azaroaren 15etik aurrera.

Lan tekniko hori, gainera, jatorrizko bertsioa ekoitzi eta grabatu zuen profesional taldeak egin du (Jaime Gonzalo eta Enric Lindo). Horrez gain, diskoak Jaime Gonzalo grabazioaren ekoizleak eta Espainiako Ruta 66 musika aldizkariaren zuzendariak eginiko liburuxka mamitsuarekin dator.

Hunted by the snake, ezbairik gabe, Euskal Herriko rockak eman duen lan onenetarikoa da. 90eko hamarkadako harribitxi undergrounda, ezinbesteko lana da rock independentearen zaleentzat.

Josetxo Anituak eta Jon Zamarripak zuzenduriko taldeak rock-and-roll sutsua jorratzen duen, psych rocka, killer rocka, drone rocka azpiestiloak aipatzen dira Discos Crudosek bidalitako informazioan. Hala, etiketa horietatik tiraka, 13th Floor Elevators, Velvet Underground, Stooges, Spacemen 3, edo Australiako swamp rocka aipatu daitezke haien eraginen artean.

Finean, energia handiko gitarra oldarkorrek kiskalitako giroak nabarmentzen dira Cancer Moonen jarioan, beti ere, rock-and-rolll kantu urratzaileak erdiesteko. Anituaren oihartzunak, halaber, LParen txokoak kutsatzen ditu.

Azkenik, nabarmendu behar da, Disco Crudosek salduko dituen lehenengo 250 aleek, bi kantuko binilozko single berezia izango dute: Stooges taldearen I need somebody doinuaren bertsioa eta 1990.urteko zuzeneko batean jasotako Ramblin’ doinua.

Gogoratu diskoa azaroaren 15etik aurrera izango dela eskuragarri.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button