MUSIKA

“Egin leku!” deialdiak musika proposamen berriak bilduko ditu

Urritik aurrera bost musika proposamen aurkeztuko dira Oihaneder Euskararen Etxeak bidean jarritako Egin Leku! deialdiaren barruan. Musikari hasiberriak dituzue, Leire Etxezarreta, Alaitz Artola, Arthur, Dei, eta Ekiñe. Gazteok urritik aurrera, kontzertuak eskainiko dituzte Oihanederren.

Uztailean hamabi proposamen jaso ziren deialdian, eta horietatik bost aukeratu dira. Irabazle bakoitzak 200 €-ko saria jasoko du, eta Oihanederren kontzertua eskaintzeko beharrezko azpiegitura emango zaie: lekua, ekipoa eta zabalpen komunikatiboa.

Leire Etxezarreta hogeitalau urteko arrasatearra da. Gaur egun trikitixa eta pandero irakasle lanetan aritzen da, eta Neomak eta Sarrabete taldeetako partaidea da. Urte batzuetatik hona gitarra hartu eta bere kantu propioak sortzen hasi zen.

Alaitz Artola hogei urteko musikari amezketarra da. Gaur egun, Musikenen, Euskal Herriko Goi-Mailako Musika Ikastegian piano-interpretazio ikasketak egiten ari da. Azken urteetan kontzertu akustikoak emanten aritu da.

Arthur musikari bezala bere oinarri propiak sortzen ditu. Dancehall bere genero gogokoenetakoa izaten ari da azken boladan, baina abesti berean mota guztietako genero musikalak nahastea maite du.

Aitzol Urkiza eta Iñigo Bravo mutrikuarrak betidanik ezagutzen dute elkar, eta Karenka izeneko taldeak batu zituen. Hamar urteren ostean, gitarra akustiko eta pianoak lagunduta, pop-rock kutsuko abestiek osatzen duten Dei proiektu berria jarri dute martxan 2021ean.

Eta Ekiñek betidanik izan du musika bere bizitzan. Panderoa ikasten hasi zen, ondoren trikitixa, eta azkenik, gitarra. Kontzertuetan bere ahotsa eta gitarra akustikoa entzun daitezkeen arren, hainbat musikarik baxuarekin, pianoarekin, gitarra elektrikoarekin, kajoiarekin eta pianoarekin bere ahotsaren eta gitarraren soinua gorpuzten lagundu diote.

Egin Leku! deialdiaren lehen kontzertua bihar, urriaren 7an, egingo du Leire Etxezarreta arrasatearrak.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button