MUSIKA

“Musikaste”, Errenteriako musika astea

Musikastek, Errenterian ospatzen den euskal musikaren asteak, 51. edizioa ospatuko du gaurtik aurrera. Ekimenaren helburua da “sortzaileei eta interpreteei laguntzea, gure konpositoreen musika aurkitzea, antzinako musikatik hasi eta egile klasikoen musikara, egungo konpositoreei laguntza berezia emanez.” Musikaste maiatzaren 16tik 27ra bitartean luzatuko da.

Gaur bertan abiatuko da musika astea Johannes Antxietari (ca. 1450-1523) eskainitako kontzertu batekin. “Jatorriz azpeitiarra, eta Errege Katolikoen Kapera Maisua izan zenaren obra eta haren garaikideena entzungo ditugu. Carlos Mena kontratenorra eta Manuel Minguillón vihuelista arduratuko dira bere ahots eta vihuelarako transkribatutako lana ezagutarazteaz.”

Biharko saioan pianoa eta ahotsa nahastuko dira. “Olatz Saituak, Ainhoa Zubillagak eta Iñaki Salvadorrek jazz modura moldatutako gure kantutegiko doinu ezagunen errepasoa egingo dute.”

Larunbatean, Kilometroak egitasmoaren barruan, Orereta Ikastolak antolatuta, Errenteria, Hendaia eta Ziburuko ikastolen ahotsak eta instrumentuak batuko dira Errenteriako Arte Eskolarekin eta Thierry Biscary eta Sua Enparantza artista gonbidatuekin batera, Jon Mayaren gidaritzapean eta Maddalen Dorronsororen musika zuzendaritzapean.
Eta igandean Errenteriako Udal Txistulari Taldeak ohiko Diana eskainiko du, eta, ondoren, kontzertua eskainiko du Udaleko arkupetan. Bestelako kontzertuak izan ostean, eguna amaitzeko, Errenteriako Bandak Marcelino Amenabar, Tomás Aragüés, Tomás Asiain, Félix eta Julián Lavilla eta Florentino Peñafielen obrak joko ditu.

Datorren astean, beste gauza askoren artean, Abesbatzen eguna ospatuko dute, eta Euskal Herriko hainbat lurraldetako taldeak izango dira bertan: Bizkaiko Akelarre abesbatza, Gasteizko Suessatio Taldea, Barañain Abesbatza nafarra eta Errenteriako Andra Mari Abesbatza.

Euskadiko Orkestrak eta Andra Mari abesbatzak azken eguneko kontzertua egingo dute.

Egitaraua ikusteko: Musikaste.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button