LITERATURA

Edu Zelaieta idazleak “Ispilu biluziak” kaleratu du

Atzo, Pamiela argitaletxeak, Edu Zelaietaren Ispilu biluziak poema liburuaren aurkezpena egin zuen Donostian.

Liburuaren aurkezpen gisan, Nafarroako argitaletxeak, honako poema igorri digu:

Ez omen dute gezurrik esaten eskuko ispiluek.
Ez aintzira garbiek. Ez botila hustuek.
Denetan leialenak omen dira eskuko ispiluak,
egia optiko osorik eskaintzen ez badute ere.

Gerta liteke sakelan edota poltsan
daramagun ispilutxoa teman ibiltzea
ez dakusagun (geure) alderdiren batekin.
Eta gezurretan ari zaigula iruditzea.

Ez omen dute isla bera isurtzen eskuko ispiluek.
Ez aho arrotzek. Ez isiltasun ezagunek.
Nire mirailtxo hauek, adibidez,
biluzik dabiltza zuen begien aurrean.

Lasai aukeratu, hortaz,
nola agertu,
zeri erreparatu, zeinetan ikusten duzuen zeuen burua hobekien.

Edu Zelaieta (Gasteiz, 1973) Euskal Filologia ikasi ondoan, Euskaltzaindiak argitaratutako Baztan -Bidasoako hizkeren azterketa dialektologikoa tesiarekin doktoratu zen 2006an.  Hiru poema-liburu ditu: Jendakiak urruneko familiatan (2002, Arabako Foru Aldundia), Mugaldekoak (Susa, 2004) eta Aldaira urdinak (Alberdania, 2010). Literatura eta musika uztartuz Biziago sentitzeak dakarren muga inguruan (Gaztelupeko Hotsa, 2006) eta Begiak lekuko (Gaztelupeko Hotsak, 2012) ere kalean ditu. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button