ESZENA

Abangoardiako antzerkia Bilboko BAD jaialdian

Urriaren 25etik azaroaren 4ra bitartean, estatu osoan erreferente bilakatu den BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiaz gozatzeko aukera paregabea izango da. Aurtengo programazioan kalitatezko proposamenez beteko da egitaraua eta 22 konpainiak hartuko dute parte, hamabi eszenatokitan erabateko 8 estreinaldi oholtzaratuz.

“BAD-en XIV. edizio honetan euskarari presentzia gehiago emango zaio eta espazio bereziagoetan ikusiko dira lanak, izan ere, abangoardiaren aldeko apustu garaikidea da BAD”, esan zuen Iñaki López de Agileta Bilboko Udaleko Kultura saileko zuzendariak.

Beraz, euskaraz eskainiko den lan kopurua handiagoa izango da, eta Metrokoadroka, Buruz Behera, edo Beatriz Setien artisten produkzioak ikusi ahalko dira.  Obra batzuk honetarako propio euskaratuak izan dira.

Leku garrantzitsua eskainiko zaie arte eszeniko garaikideen alorrean lan egiten duten bertako konpainiei eta artistei, eta era berean, arte bizi garaikideak beste diziplina batzuekin batera, arte plastikoekin eta ikusmen arteekin, besteak beste, agertuko dira uztarturik zenbait kasutan.

Aipatzekoa ere bada, Gaitzerdi taldeak Domu Santu egunean, Media vuelta antzezlanaren estreinaldia egiteko aukeratu duen lekua: Bilboko Mallonako hilerri zaharra.

Jaialdiaren barruan ere, BAD Profesional izeneko sekzioa egongo da non Joerak eta nortasuna programazio eszenikoan gaiari buruzko mahai-ingurua antolatu den, eta era berean, Hitzorduak eszenarekin zikloa ere gauzatuko da.

Aurten BilbaoEszena, La Merced ikastetxea, Bilborock, La Fundición, Zawp Pabilioia, FNAC, Guggenheim Museoko Auditorioa, EHUko paraninfoa eta Campos Antzokian ikusiko dituzue proposamenak.

Programazio potoloaren nondik norakoa zehazteko ekimenaren webgunean sartu eta arakatu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button