ESZENA

Antzerkiz bete dute otsaila Zarautzen

Hil honetan makina bat lan ikusteko abagunea eskiniko dute Zarautzen. Lehen zita ostiralean, otsailak 4, izango da Txalo Produkzioak taldeak (Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga aktore lanetan) egingo duen Lehendakarigaia obrarekin. Lana 20:00etan hasiko da Modelo Aretoan.

Lanaren nondik norakoak hemen dituzue: Lehendakari hautatu berria inbestidura-ekitaldirako hitzaldia prestatzen ari da; azken orduan, ordea, arazo larri bat sortuko zaio. Izan ere, ekitaldia eta hitzaldia eman beharrak aurpegian tik arraro, barregarri eta aguanta ezina eragin dio hautetsiari. Kendu ezina. Arazoa bideratzeko psikiatra bat ageriko da eta ondorioz, bien artean berriketaldi dibertigarri eta nahasgarri bat sortuko da. Zer du bakoitzak ezkutatzeko? Zein dira bakoitzaren benetako motibazioak? Atzera begiratuta, bizitzan zerk ekarri ditu dauden lekura? Eta batez ere, bata zein bestea, euren eginkizunetan bokaziodunak al dira?

Datorren astean, hilak 11, beste hitzordu interesgarri antolatu da: Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi. Esmeralda, Ines eta Ursula, arratsaldero, kanpai hotsekin batera, puntual elkartzen dira merienda mahai baten inguruan. Tisana, pasta, azukre eta pastelez betetzen dituzte gorputzak, beraien egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean. Ba ote dakite, beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradatik izan dira sortuak emakume hauek? Nork idatzi du tinta lodiz historia? Historia kontatu diguten bezalakoa da? Nork mugitzen ditu emakume hauen kortseen hariak?

Azkenik, otsailaren 20an, Marie de Jongh taldearen txanda izango da Ikimilikiliklik piezarekin. Ekhi, umetan, hamaika arrazoirengatik beldurtzen zen, baina baziren bi gauza guztien gainetik beldur izugarria eragiten ziotenak: norbait babesgabe dagoela ikusteak, eta Sorginek, mendi tontor bateko etxola zaharkitu batean bizi ziren emakume bakarti eta maltzurrek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button