ESZENA

Durangoko Uda Giro jaialdia aurrera doa

San Agustin Kultur Guneak antolatutako Uda Giro kultur zikloak zirkoa, antzerkia, musika, dantza, zinema, magia, bertsolaritza eta performancea aterako ditu Durangoko kaleetara. Ekimena irailaren 5era arte luzatuko da. Gutira hamahiru jarduera eskainiko ditu herriko parke, plaza eta gune publikoetan.

Uztailean makina bat kontu antolatu dira: Beñat Achiaryk, Alaitz Murok eta Raúl García Etxeberriak inprobisaziozko performance bat; Txema Muñozen Gota ikuskizuna; Botxo Boogies taldearen kontzertua,….
Gaur, hilak 23, Irati Bilbao musikari durangarrak Bloom bere lan berria aurkeztuko du. Eta bihar, Hortzmuga Antzerkiak Alonso, ezinezko mandatuen mezularia ikuskizuna egingo du. lanaren korapiloa hauxe da: Garrantzi handiko gutuna abian da baina hartzaile zehatzik ez; nabigazio-sistema izorratu berri da eta Alonso jendez gainezka dagoen plaza erdian ageri da. Erlojupeko lasterketa bat hasiko da munduan zehar: Afrikatik Indiaraino, Mendebalde Urrunetik Parisera, hartzaile misteriotsu baten bila. Anek, publikoak eta gutunak berak (hitz egiten du!) Alonsori enigma konpontzen lagunduko diote… Zentralaren dronak lehenago aparretan blaitzen ez badu.

Abuztuko programazioan zirkoa eta antzerkia izango dira nagusi, eta diogun moduan, irailaren 5ean emango zaio amaiera jaialdiari BarSanti konpainiaren Kodizia Late Night tragikomediarekin.

Informazio guztia: San Agustín Kultur Gunea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button