ESZENA

Antzerki, musika eta dantza ikuskizunak Getxoko programazioan

Getxoko Muxikebarrin programazio potoloa ondu dute otsailean. Bihar bertan, hilak 3, abiatuko da egitaraua Guda Dantza bandaren eskutik.

Guda Dantza seikote bizkaitarra bihar jardungo da Muxikebarrin, 19:00etan, eta bertan “skaren ikuspegi berezia gerturatuko dio publikoari, funk, rock, punk, rap eta elektro-swing ñabardurarekin. Jai-giroko musikaren aldeko apustua eginda, eduki politiko eta soziala erakusten ditu beren hitzetan”. Taldearen lanak honakoak dira: Lainoak eta oskarbiak (2014), Labarraren ertzean (2016) eta Argibideak (2018).

Aste honetan ere Judith Jauregi (hilak 5) piano-jotzaile donostiarra arituko da, eta Utopian konpainiak bere azken antzezlana aurkeztuko du, Ophelia, hain zuzen ere, Hamlet klasikoaren moldaketa emakumezko ikuspuntutik helduta.

Otsailean ere, musika ikuskizun dezente izango dira Muxikebarrin, esaterako Koplariak (hilak 10, 19:00etan) kontzertua, Korrontzi taldeak Xabier Amuriza bertsolariarekin batera burutzen duena; hilaren 19an, En Tol Sarmiento (19:30ean) ska taldeak Aukera berriak bere azken lanaren kantak aurkeztuko ditu; eta 27an, Zea Mays bandak (19:00etan) rock doinuak haizatuko ditu.

Antzerkiaz gozatzeko aukera ere egongo da honako hitzorduekin: Konpromisoa (hilak 13, 19:00etan) eta ¿Cómo hemos llegado a esto? (hilak 17, 19:00etan). Azkenik, Organik taldeak Sareak dantza ikuskizuna eskainiko du hilaren 20an, 19:00etan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button