EZLEKUBAT

Irati Jimenez: “Fantasia tresna interesgarria zait eguneroko bizipenak muturreraino eramateko”

Joan den astean Atsekabe zaitut (Txalaparta argitaletxea) liburua aurkeztu zuen Irati Jimenezek (Mundaka, Bizkaia, 1977) Bilbon. Idazle bizkaitarrarekin batera Iratz Inziarte (Oiartzun, Gipuzkoa, 1983) artista izan zen aurkezpen-ekitaldian, zeinak liburuaren ilustrazioak egin dituen. Eleberri motz edo kontakizun labur gisa hartu daitekeen istorioa Bilbo ilun batean gertatzen da eta emozioez hitz egiten du, “fantasiaren mozorroa erabilita”. Izan ere, liburuaren protagonistak katu bihurtzen diren pertsonak dira. Idazlearekin eta ilustratzailearekin jarri gara harremanetan liburua polit honen xehetasunen berri izateko.

Irati, joan den astean aurkeztu zenuen Atsekabe Zaitut. Pozik emaitzarekin?
Emaitza fisikoarekin oso pozik. Iratz Inziarteren marrazkiak ezin ederragoak dira, nire ustez, eta objektu eder bihurtu dute liburua. Behingoz, lagunei ematen diedanean ez dut pentsatzen “hementxe nago, berriz, inori nirea irakur dezan eskatzen”, kar kar. Gustua ematen du irudi horiek esku artean izatea. Testuarekin, bestetik, asebeteta. Asko lagundu dit ipuinaren idazketak eta esan nahi nuena esan dudanaren sentsazioa geratu zait. Ezin zaio bukatutako lanari askoz gehiago eskatu! 

Ilustrazioen harira, liburua opari polita, gutizia dela esango nuke. Hau al da ilustratzaile batekin lan egin duzun lehendabiziko aldia?
Nire lehen liburuak ere bazuen ilustraziorik (Malcolm X: duintasunaren kolorea, Txalaparta, 2002). Baina ez zuten, inolaz ere, hemen duten garrantzia. Ilustrazioak testuaren osagarri baino zerbait gehiago dira narrazio honetan, nire ustez. Kontaketa propioa osatzen dute eta, horrez gain, testua girotu egiten dute. Hitz bakarra irakurri gabe, marrazkiak ikusita, irakurlea narrazioan sartzen hasten da. Indar handia dute.

Nolakoa izan da kolaborazio hori? Erraza egin zaizu Iratzekin lan egitea?
Guztiz. Zorte itzela izan dudala sentitzen dut, marrazkilari zoragarria aurkitu dudalako eta lankide ezin hobea. Kontakizuna hobetzen dute bere marrazkiek, esan nahi nuenari beste oihartzun poetikoagoa emanaz. Lankidetza oso erraza izan da: testuaren zenbait parte nahiko abstraktuak direnez, horiei buruz nahiko luze hitz egin genuen eta zituen zalantzak argitzen saiatu nintzen. Hortik aurrera, ezer gutxi egin behar izan dut. Hasierako zirriborroak jada zoragarriak ziren! Meritu gutxi izan dut nik eta zorte handia.

Fantasia erabili duzu gaur eguneko gizarteetako pertsonek bizi izaten dituzten krisi pertsonalak jorratzeko. Zergatik?
Modu naturalean jotzen dut batzuetan fantasiara. Ez dakit zergatik. Beharbada, errealitatea bera nahiko gauza xelebrea eta batzuetan, nahiko sinestezina iruditzen zaidalako. Fantasia tresna interesgarria zait eguneroko bizipenak, sentimenduak edota paisaiak muturreraino eramateko balio didalako eta abiapuntu ona da hori, idazten hasteko. Aurreko eleberrian ere egin nuen (Nora ez dakizun hori, Elkar, 2009) eta hau, maila batean, han hasitako bideari jartzen zaion nola-halako hitz-oste bat izan daitekeenez, beharbada horregatik ere atera da berriz fantasia.

Liburuko beste pertsonaia klabe bat Bilbo bera da. Bilboren itzal ilunak liburu osoa bustitzen du. Inguruak horrenbesteko eragina dauka pertsonengan? Istorio hau herri batean kokatuko zenuke?
Nekez. Herri batean ere gerta zitekeen, baina nik askotan erabiltzen ditut leku geografikoak zer konta nahi dudan jakiteko. Beraz, kontakizun honen lehenbiziko ideiak jada Bilbora lotuta daude eta ez ditut imajinatzen beste leku baten. Aproposa zen Bilbo, hori bai, identitate bat baino gehiago duten pertsonaiei buruz aritzen naizelako eta, momentu honetan, Bilbo bat baino gehiago ikusten ditut nik. Bi behintzat, nik umetatik gogoratzen dudan Bilbo zikin eta industriala eta Abandoibarratik paseatzen ikusten duzuna.

Pertsonaiek behin eta berriro begiratzen dute atzera. Gaztetako parrandak, eskola egunak, fakultatea… Aro batetik bestera igaro direla ematen du, baina iragana faltan botatzen dutela.
Iraganean norbait zen pertsonaia nagusia. Orain ez da pertsona hori eta etengabe begiratzen du atzera non aldatu zen jakiteko, zer gertatu zaion, atzera buelta daitekeen… Nerabezaroan edo heldutasunerako transizioan-edo, norbait bihurtu zen, denok egiten dugunaren antzera. Eta orain norbait horrek ito egiten du, txiki geratu zaion jantziaren antzera.

Aurkezpenean esan zenuen pertsonaia nagusiaren generoa aldatu zenuela. Hasiera batean gizona zen? Zergatik azkenik emakume?
Ez dut asko pentsatzen pertsonaien generoetan. Liburuarentzako lehen ideietan pertsonaia detektibea zen eta detektibe tipiko-topikoen antzera gabardina zeraman. Buruan ditudan detektibe gehienak gizonak direnez, ba, uste dut gizon atera zitzaidala. Halako baten, lehen zirriborroa bukatuta ikusi nuen ezetz, estereotipo horrek zentzu gutxi zuela eta begiak ixterakoan pertsonaiari begiratzen nionean emakumea zela.

Liburua eleberri labur edo kontakizun luzea dela esan daiteke. Eroso sentitu zara neurri horretan? Zein abantaila eta zailtasun ditu horrelako kontakizun batek?
Neurri erosoa zait idazteko. Ipuin laburrean sintesirako gaitasun handia behar da eta eleberria eraikitzeak ideia sendoak, denbora asko eta ahalegin handia eskatzen du, unibertso koherente oso bat idaztea… ez da gauza txikia! Kasu honetan, gainera, neurriak badu beste zentzu bat. Muturreko sentimenduez hitz egiten du kontakizunak: bakardadea, atsekabea, tristura. Pertsonaia nagusia itotzen ari da eta, lana ondo egin badut, irakurleak itotasun hori sentitu beharko luke edo harekin enpatizatu. Emozio hori ezin da gehiegi luzatu, larriegia litzateke. Izan nuen beldurra, ez ote zen laburregi eleberri baterako eta luzeegi ipuina izateko baina Txalapartako editoreak argi ikusi zuen horixe zela neurria eta uxatu zizkidan beldurrak. Kontatu nahi nuena, ongi ala gaizki, baina kontatu dut!

IRATZ INZIARTE ILUSTRATZAILEA: “NIRE MARRAZKIAK ILUNAK IZAN OHI DIRA”

Liburu honetan irudi ilunak, masa kolore beltzak eta marra bortitzak erabili dituzu Bilbo oniriko batean murgilarazten gaituena… Zein da normalean erabiltzen duzun teknika, eta zein gustukoena honelako proiektu bati aurre egiteko?
Normalean teknika ezberdinak nahasteko joera dut eta marra bortitzak ugariak izaten dira nire edozein marrazkitan; egia da oro har nire marrazkiak ilunak izan ohi direla. Iratik liburu honetan kontatzen duen historiarentzat aproposak dira.

Zeintzuk izan dira behin betiko marrazki hauek gauzatzeko prozesua? Ordenagailurik erabili duzu?
Bai. Bilboko argazkiak erabili ditut abiapuntu bezala eta argazki hauek Iratik ateratakoak izan dira; horrela, niretzat ere errazagoa izan da Iratiren buruan zein Bilbo dagoen imajinatzea. Bestalde, ordenagailuak eta ni ez gara oso lagun onak… nahiago dut eskuz marraztea. Hala ere, egia da geroz eta gehiago erabiltzen dudala eta tresna oso lagungarria dela.

Nola izan da Irati eta zure arteko erlazioa irudia eta kontakizuna uztartzeko?
Askatasun osoa izan dut. Testua irakurri nuenean oso galduta sentitu nintzen, ez nuelako Iratiren burutik zer pasatzen zen imajinatzen. Hots, ez nekien berak zer nolako irudi motak izango zituen buruan. Berak, aldiz ,hasiera hasieratik esan zidan irudiak egitearen lana nirea zela eta erabateko askatasuna izan dut sortzeko garaian.

Zer irizten diozu Bilbo hiriak jaso duen aldaketa estetikoari azken hamarkadan…?
Ez dut aldaketa hau oso gertutik bizi. Bilbon bizi nintzenean Alde Zaharreko Barrenkale auzoan bizi nintzen. Barrenkale zikin, ilun baina xarmangarrian. Duela gutxi Iratiren liburuaren aurkezpenerako inguru hauetan ibili nintzen berriro eta txukunagoa eta dotoreagoa ikusi nuen guztia, baina xarma gutxiago zuela iruditu zitzaidan.

Martxan al duzu beste proiekturen bat?
Laster lehiaketa baterako lan bat aurkeztu behar dut eta buru-belarri nabil lan horretan. Mundu liluragarri bat ezagutzen ari naizela sentitzen dut eta oso motibatua nabil.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button