EZLEKUBAT

Alexis Nolla: “Nire plan nagusia geroz eta hobeto marraztea da”

Bilboko Anti- liburu-dendak bere estreinako argitalpena plazaratu du: Tierra Extraña liburua. Margotzeko liburuaren eta komikiaren arteko lan mutua da, testurik gabekoa, ederra, eta Alexis Nollak (Bartzelona, 1987) marraztua. Liburuan bertan jasotzen den curriculum-ean irakur daitekeenez, Nollak Arte Ederrak ikasi zituen, eta bere lehenengo komikiak fantzineetan argitaratu zituen, hala nola, Adobo, Colibrí, La Cultura del Duodeno edo Anti- liburu-dendak argitaratzen duen Hilo. Aurten, gainera, Escondite/La isla del Diablo (Apa Apa Comics) lana ere kaleratu du, non sei istorio labur jasotzen diren. Tierra Extraña hau bere bigarren lana da. Bartzelonakoarekin hitz egin dugu argitalpen hibrido honen berri izateko. Liburua eskuragarri egongo da Durangoko Azokan, Banizu Nizukeren estandean, hain zuzen ere.

Zure azken lana, Tierra Extraña, komikia da? Margotzeko liburua? Zer da?

Margotzeko liburua da gehienbat, baina nola irudiak bata bestearen atzetik datozen, komiki gisa ere ikus daitekeela uste dut.

Hortaz, margotzeko liburua bada, norentzat da liburua?

Marrazkia, ilustrazioa, eta nire marrazteko era gustatzen zaienentzat dela iruditzen zait, baina haurrek ere gustuko izan dezakete, behintzat hori espero dut. Dena dela, liburua ireki eta bertan ikusten dena gustuko duen horrentzat da, adina kontuan eduki gabe.

Istorioak zergatik ez du testurik?

Margotzeko liburu batean marrazkiak protagonismo guztia eduki behar zuela pentsatu nuen. Horretaz gainera, zerbait kontatzeko gogoa neukan irudiekin bakarrik baliatuta, testuen laguntzarik gabe.

Zeintzuk beste autore “mutuekin” identifikatzen zara?

Jason-en ¡Chhhht! komikia dut gustuko, bai eta Sammy Harkham-en Pobre Marinero ere, zeina ez den erabat mutua, testu gutxi batzuk baititu. Horretaz gain, Jon McNaught-en komikiak ere gustatzen zaizkit. Gehiago daude, baina orain horiek etorri zaizkit burura.

Deigarria da istorioen abenturazko bi genero ezberdin fusionatzen direla, hau da, western-a eta piratak. Generoen uztarketa interesatzen zaizu? Zer ematen dizu konbinazio horrek autore gisa?

Dibertigarria iruditu zitzaidan mundu ezberdinetako pertsonaiak nahastea. Halere, Raoul Walsh zinegilearen Distant Drums (1951) filma ikusi nuenean, ohartu nintzen ideia ez zela batere berria, inondik ere.

Nola sortu zen Anti- liburu-dendarekin argitaratzeko aukera?

Bada, Hilo aldizkariaren zero zenbakia plazaratu zutenean ezagutu nituen, nire istorio bat jaso baitzuten bertan. Gero, nigana jo zuten euren margotzeko liburuen bildumaren estreinako zenbakia egiteko, Tierra Extraña hau, hortaz, eskertzekoa da eskaini didaten aukera hau.

Anti- liburu-dendaren estreinako argitalpena izateak eragina izan al du zure lanean?

Ez dakit, egin ahal izan dudan onena egin dut, baina gauza bera egingo nukeen bigarren edo hirugarren argitalpenean.

Lehenengo urratsak fantzineetan eman zenituen. Zure ustez zein funtzio betetzen dute paperezko fantzine zaharrek garai digital honetan?

Uste dut fantzineak norberaren gozamenerako eta dibertitzeko egiten direla, bai eta zure lana erakusteko ere, inongo argitaletxek zure lanari erreparatuko diola espero gabe. Blog batekin ere gauza bera egin daiteke, baina aldea nabarmena da, paperezko fantzine batean argitaratzea askoz ere pozgarriagoa baita.

Ilustrazioan ere aritzen zara, esparru guztietan eroso aritzen al zara, edo ba al duzu bereziki maite duzun esparruren bat?

Orain dela gutxira arte, nire lehentasuna komikia zen, baina geroz eta erosoago sentitzen naiz ilustrazioak egiten; ea etorkizunean bietan aritzeko aukera dudan.  

Zer irizten diozu egun “nobela grafikoak” eta komikigintzak oro har estatuan bizi duen eztandari? Uste duzu leherketa horren baitan badela lekurik zure proposamenentzat?

Oso ondo iruditzen zait, krisiaren eraginez agian, boom hori apur bat jaitsi den ez dakidan arren. Ez nago batere seguru nire proposamenentzat lekurik dagoen ala ez; halere, egotea gustatuko litzaidake.

Azkenik, zeintzuk dira zure etorkizuneko planak?

Oraingoz bat ere ez. Komiki luze bat egitea gustatuko litzaidake. Ea 2013an horretarako indar nahikoa biltzen dudan, nire plan nagusia geroz eta hobeto marraztea den arren, eta geroz eta komiki hobeak egitea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button