LITERATURA

Olerki Topaketak egingo dituzte Irunen eta Donostian

Atzo hasi ziren Irungo Kabigorri zentroan Olerki Topaketak. Bertan, hainbat errezitaldi egingo dira musika eta irudien laguntzarekin. Horretaz gainera, Eduardo Barberoren erakusketa ere ikusi ahalko da. Erakusketak poesia bisuala biolentzia matxistaren kontra jartzen du.

Gaur bertan, Pello Otxotekok Anphora baita bere azken poesia-liburuaren irakurketa egingo du Esther Barandiaran piano jotzailearekin batera. Bihar halaber, Tan lejos de Dios (Poesía mexicana en la frontera norte) dokumentala proiektatuko dute eta film horren egilea bertan izango da.

Larunbatean Baile en la frontera errezitaldia izango da, Inma Luna, Uberto Stabile eta Jose Blanco olerkarien eskutik. Igandean, azkenik, Javier Sistiagak eta Esther Barandiaranek (piano) Mario Benedettiren antologia txiki bat jorratuko dute. Saio guztiak 19:30ean hasiko dira.

Otsailaren 14tik 17ra bitarte, Olerki Topaketok Donostiako Koldo Mitxelenan jarraituko dute. Hala, asteartean, hilka 14, Leire Bilbaok Scanner bere azken poemategia ardatz izango duen errezitaldia egingo du Domentx Ucinen biolinarekin lagunduta.

Asteazkenean, Orain badakit – itsaso kontra bat bi poema-liburuen ikus-entzunezko irakurketa izango da, alegia, Karmele Igartuaren Itsaso kontra bat eta Tere Irastortzaren Eta orain badakit.

Ostegunean, halaber, Soviet Batasuneko poesia izango dute hizpide La noche roja izeneko emanaldian. Musika eta poesia uztartuko dituen saioa izango da. Azkenik, ostiralean, hilak 17, Opera Poetikoa egingo dute Esther Barandiaranek (pianoa), Ian Swedlundek (txeloa), eta Javi Sistiagak (narrazioa). Historiako aria ederrenetarikoak entzun ahalko dira.

Egitarau osoa Kabigorriren webgunean jasotzen da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button