ESZENA

Arriaga Antzokiak datorren denboraldirako proposamenak haizatu ditu

Arriaga Antzokiaren 2015-2016 denboraldi osoa aurkeztu da gaur goizean, Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura zinegotzi eta Emilio Sagi Arriaga Antzokiaren Zuzendari Artistikoaren eskutik. Espero zitekeen moduan,  Arriagak programazio zabala eta aberatsa presentatu du, ikuskizun eder eta diziplina artistikoz josia.

Guk euskarazko sorkuntzari erreparatuko diogu, luze joko bailuke hileroko egitaraua zehaztea, baina ezin nabarmendu gabe utzi honakoak: Shakespeareren klasiko El sueño de una noche de verano/Uda gau bateko ametsa; William Christie musikari eta Les arts Florissants taldearen zuzendari ezaguna; Molièreren Monsieur de Pourceaugnac komedia-balleta; Milladoiro, Paco Ibáñez eta Luis Eduardo Aute kantarien kontzertuak; La corte de faraón zartzuela;  eta, azkenik, Marie de Jongh konpainiaren Amour.

Arriagak euskaraz egindako antzerkia ere eskainiko du, eta obra bat baino gehiago ikusteko aukera egongo da. Hasteko, urriaren 29tik 31ra, Fernando Bernuesek zuzendutako Kreditua lana helduko da eszenatokira, Joseba Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxaga dira aktoreak. Azaroan, Ander Lipusek Etxekoak egingo du, Jon Gerediaga idazlearen testuan oinarrituta. Halaber, Ramon Soroiz, Zorion Egileor eta Ramon Agirre euskal antzezle bikainek interpretatuko dute Heroiak, Begoña Bilbao Lejarzegik zuzenduta. Eta Mikel Martinezek eta Eneko Sagardoyk Zergatik, Jamil? lana eskainiko dute datorren urteko martxoan, Patxo Telleriak eta Mikel Oregik zuzenduta.

Kontzertuen atalean azpimarratu behar da, azaroaren 22an, oso bira berezia helduko dela Arriagara: Oskorri taldearen agurreko bira. Ken Zazpik ere urtarrilaren 8an eta 9an kontzertuak emango ditu, eta otsailean, Delorean taldeak Mikel Laboari eskainitako omenaldia aurkeztuko du.

Dantzaren atalean, Olaeta Ballet Elkarteak,  Kukai Dantzak eta Dantzaz Konpainiak euren sorkuntzak eskainiko dituzte. Kanpotik, Balé da Ciudade Sâo Paulo, Akram Khan Company edo San Petersburgoko Eifman Ballet ikusteko aukera egongo da.

Azkenik, Arriagako Gelatxoetarako, antzerki, kabaret, errezitaldi, poesia musika eta literatura bilduko dira. Hala, Bernardo Atxagaren edota Patxo Telleriaren testuak entzun ahalko dira, eta tartean ere, José Luis Padrón eta Gari, Oskarbi, Teresina Jordá, Miren Urbieta, Ruben Fdez. Aguirre edo Aire ahizpak, besteak beste.

Hau eta beste asko, Arriagan bertan kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button