MUSIKA

“Dinbi Danba” musika eta umore ikuskizuna, Bilbon

Gaur berton, hilak 5, 20:00etatik aurrera, Euskalduna Jauregian Dinbi Danba ikuskizuna estreinatuko da, Bilboko Udal Txistulari Bandaren eta Tio Teronen Semeak dantza konpainiaren partehartzearekin.

Proposamen berritzaile honetan, “txistuaren musika tradizionala taularatze zirraragarri batekin uztartuko da, non koreografien argitasuna eta komikotasuna hari gidari bihurtuko diren”.
Ikusgarrian, txistuaren musikarekin batera, Tio Teronen Semeak taldea arituko da, jatorri ezberdinetako dantzariek osatutako taldea. Bi gauza komun dituzte: dantzarako grina eta umore paregabea. Egun bakar baterako emanaldi puntual bat izan behar zuenak ez zuen etenik izan 2015ean Donostiako Olatu Talka jaialdian aurkeztu zenetik. Herriz herri ibiltzen dira Freshcool eta Festamentua ikuskizunak aurkezten. Musika zuzenean jotzen dute lau musikariren artean baina oraingoan beraiekin arituko dira Bilboko Udal Txistulari Banda gitarra-jole eta baxu-jole batek lagunduta.

Dinbi Danba familia osoarentzat pentsatutako emanaldi fresko eta dinamiko bat izango da, barreak sortaraziko dituena.

Bilboko Udal Txistulari Bandaren hurrengo hitzordua otsailaren 19an izango du, Quim Moya artista katalanarekin batera Lainoen Artean ikusgarria eskaintzeko. Kasu horretan, musika eta ilustrazioak uztartuko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button