
Azkuna Zentroak Bene Bergado eskultorearen Urritu erakusketa jasoko du datorren urteko urtarrilaren 7ra arte. Gure gizarte garatuen produkzioaren eta kontsumoaren hazkunde esponentzial eta mugagabearen aurrean, infinitiboki murriztea proposatzen du artistak.
Urritu Azkuna Zentroko erakusketa aretoarentzat egindako proiektu espezifikoa da, eta bertan honako ideia hauek plazaratu nahi izan ditu: “…desazkundea saihestezina izango da, dela aukera gisa, dela ezinbestez datorkigun kolapsoaren ondorioz.”
Erakusketa bideoz, instalazioez, Bene Bergadoren ibilbide artistikoko obraz, materialez, dokumentazioz eta erakusketa hau egiteko prozesuarekin zerikusia duten elementuez osatuta dago. Bertako instalazioek eta eskulturek “desazelerazio baten beharrarekin dihardute, mugaren kontzientziaren bidez, energia gutxiko eta ezinbesteko bizi-aldaketez beteriko etorkizun hurbilera egokitzeko.”
Urritu ez da erakusketa honetako edukia edo gaia soilik; esperientzia artistikoaren berezko konpromisoa ere bada, eta obrak “mundua irudikatzeaz gain, munduan jarduteko modu berezi bat ere badira, bizitzarekiko erantzukizun eta arreta modu bat adierazten dute, konkretuarekiko, errealarekiko sendotzeko eta zaintzeko modu bat. Alde horretatik, erakusketa-proiektu hau artelanek beren baitan hartzen duten esperientzia artistikoaren ezaugarri diren eusteari eta erantzunkidetasunari buruzko aipamena da.”
Erakusketa honekin batera programa publiko bat egingo da, ikasleei eta familiei zuzendutako jarduerekin, bisita gidatuekin, eta abar. Gainera, erakusketa-proiektuaren katalogoa argitaratuko da eta urritzearen joerari buruzko saiakera bat egingo da.