EZLEKUBAT

Dena Flows: “Euskal Herrian rock argazkilari asko eta izugarri onak daude”

Bilbo inguruko rock kontzertu kasik guztietan izaten da Dena Flows argazkilaria. Lehenengo lerroan kokatzen da, musikariengandik gertu. Adats ilun eta luzea ondo loturik eta kamera prest. Tiroka hasteko erne, kliskatu eta kliskatu, ia beti flashik gabe, profesional ona den erakusle.
Bilbotarrak eskarmentu handia erakusten du rock kontzertuak fotografiatzerakoan, bere webguneko lana ikustea baino ez dago. Hori bai txalotzeko emaitza, ikusgarria bezain ona. Izan ere, Euskal Herriko taberna-zulo, areto eta jaialdietan argazkiak egiten aritzen diren argazkilarien maila “izugarri ona” da gure solaskidearen aburuz. Horietatik guztietatik, Nontzeberri.com webguneak Dena Flows nabarmendu nahi izan du. Dena dela, ez da azkena izango, atal honetara rock argazkilari gehiago ekartzeko agindua egiten baitugu.
Musikarekin loturiko beste edozein jarduerak bezala, argazkigintzak ere ez du profesional gisa aritzeko diru askirik ematen. “Ez dut uste bizi daitekeenik kontzertu-argazkiak soilik egiten”. Hala ere, Dena Flowsen irudi bikainak gero eta hedabide gehiagotan ikusten dira, tartean, Ruta 66 aldizkari prestigiotsuan. Gauza bitxia, Dena Flowsek amari zor dio zaletasuna…

Zenbat urte daramatzazu kontzertuetan argazkiak egiten? Nondik datorkizu zaletasun hori?
Ia 12 urte. Móstolesko FestiMad-en hasi nintzen 1999ko maiatzean. Argazkigintzarako zaletasuna amari zor diot. Nerabea nintzela, gajoak ikusi zuen bide okerretik nenbilela eta, ni parrandatik aldentzeko edo, argazkigintza ikastaro batean eman zuen nire izena. Gustura hasi nintzen, baina laster bueltatu nintzen lagunekin tabernetara. Oinarriak, berriz, han jarriak nituen.
Orduko neska-lagunak, kazetaria bera, FestiMaderako akreditazioak lortu zituen biontzat. Nirea argazkilari-akreditazioa zen. Hura aprobetxatu nuen eta argazki batzuk egin nituen kontzertuetan.
Argazkiak Belén Mijangos El Tubo aldizkariko zuzendariaren eskuetara heldu ziren beste lagun baten bidez. Argitaragarriak iruditu zitzaizkion eta, hori eginda, nire “karrera” piztu zen.

Nolanahi ere, esaten duzu orain ari zarela inoiz baino gehiago hedabideetan ateratzen, alegia, argazkigintzarekin loturiko eskaera nahikotxo dituzula, izan ere, ez baitzara honetaz bizi, ezta?
Ez, ez naiz honetaz bizi. Zaletasun dut argazkigintza. Izan ere, ez dut uste bizi daitekeenik kontzertu-argazkiak soilik eginez. Honetaz bizi ahal izateko beste hainbat gauza egin behar izaten duzu derrigorrean: egunkari/aldizkari batean aritu (lanegun osoan), estudioa jarri, publizitatea, CDen azalak egin… horrelako kontuak. Kontzertu argazkientzat soilik, ez dago eskaera nahikorik. Nik egindakoek bizio batzuk ordaintzeko baino ez dute balio. Horien artean, argazki ekipoa bera.

Rockarekin lotutako enkarguak soilik jasotzen dituzu?
Wrestling-ena izan ezik, orain arte bai.  Gustura onartuko nituzke bidaiei edota arkitekturari lotutako lanak. Bai horixe!. Baina ez zaizkit heldu. Egia esan, nik neuk ere ez dut ahalegin handirik egin arlo horretan sartzeko. Horrez gain, garai batean, lagunen ezkontzak ere egin nituen, opari gisa, baina nekatu egin nintzen, eta, orain, oso bereziak ez badira, ez dut horrelakorik onartzen. Gainera, nire estiloa ez da batere formala eta bikoteari ere gustatu behar zaio.

Azken horretatik tiraka, zure lana rockaren arloan kokatu ohi da, baina zure webgunean bidaiekin zerikusia duten lanak ere ikusi ditugu. Non gozatzen duzu gehiago?
Oso bestelako amodioak dira. Gozatu, bietan gozat zen dut izugarri. Hori bai, erosoago nago kontzertuetan. Eskarmentu handiago daukadalako, batez ere. Astean bizpahiru kontzertu egiten ditut; eta urtean zehar, bizpahiru bidaia.

Kontzertuetan argazkiak ateratzeko orduan non jartzen zara? Arazoak izan dituzu toki egokiak lortzeko? Toki handiak ala txikiak nahiago dituzu?
Musikariengandik ahalik eta gertuen. Duda barik, toki ertainak dira onenak. Leku handienetan, urrutiegi jartzen gaituzte; gainera, normalean, talde garrantzitsuak dira eta baldintza gogorrak ezartzen dituzte. Leku txikietan, aldiz, baliabide teknikoak falta dira gehienetan, argiak bereziki. Leku ertainetan, normalean, behar dugun guztia topatzen dugu: gertutasun nahikoa, agertoki aproposa eta argiak.

Zein motatako ekipoa erabiltzen duzu zuzenekoetan?
Reflex bat (Canon EOS 5DII) eta hiru objektibo finko (24, 50 eta 100 milimetrokoak). Toki handietan, 70-200 zooma erabiltzen dut.
Flashak ere erabiltzen ditut, baina oso gutxitan: bakarrik leku ilunenetan eta kameratik kanpo jar ditzakedanean.

Argazkigintzari esker musikari asko ezagutu dituzu? Zer nolako harremana izaten duzu haiekin?
Ez pentsa. Saiatzen naiz diskretua izaten eta ez zait batere gustatzen “eszena”koa izatea. Ez naiz sartzen aldageletan eta ez naiz irteten parrandan musikariekin. Nahiago dut neure erara ibili.
Horrek ez du esan nahi alde egiten diedanik, e!, baina hoberen ezagutu ditudanak, eta, ondorioz, lagun direnak, ez ditut ezagutu argazkiei esker. Dena dela, harreman ohikoena emailez egiten da eta, gehienetan, argazkiak eskatzekoa da. Besterik ez.



Kontzertuetan gero eta kamera eta flash gehiago ikusten ditugu, baina zuzenekoetan argazki onak ateratzeak bere zailtasunak izango ditu, ezta? Zeintzuk dira zailtasun horiek?

Zailena da gustua, irizpidea, heztea. Zer argazki diren onak eta zeintzuk diren zaborrontzira botatzeko modukoak.
Hortik abiaturik, zailtasun teknikoak ere badaude (mugimendua eta argi falta dira nagusiak), baina, aurrekoa bermatuta, horiek erraz asko menderatzen dira. Praktika baino ez da.

Zeintzuk dira zure rock argazkilari kutunak?
Seguru asko harrituko zaitu, baina kontzertu-argazkilari gutxi dauzkat nire kutunen artean. Egon badaude, jakina, klasikoak zein garaikideak: lehenengo multzoan, besteak beste, Jim Marshall, Bob Gruen eta Herman Leonard (izugarria!); eta, bigarrenean, Lyle A. Waissman eta Paul Bergen datozkit burura.

Zer nahiago duzu disko on bat edo argazki on bat? Eta zein izan da zure azken kontzertu gogoangarria eta zein izango da hurrengoa?
Zorionez entzun eta ikusi aldi berean egin ditzakegu: ez dago aukeratu beharrik. Hala ere, kantak garrantzitsuagoak izan dira nire bizitzan. Argazkirik gabe bizi naiteke; musika barik ere, bizi naiteke, bai, baina askoz txarrago. Azken kontzertu gogoangarria, hain zuzen ere, azkena izan da: Maika Makovskirena. Neska horren maila izugarria da. Eta berari argazkiak egiten benetan gozatu egiten da. Hurrengoak, The Sparteens, The Wornouts, The Cubical, Ian Anderson eta abar, eta abar, eta abar izango dira. Aipatzeko modukoak izango diren ez dakit. Ikusiko dugu.

Euskal Herrian rock edo musika argazkilari onak badaudela uste duzu? Aipatuko zenituzke batzuk?
Izugarri onak eta ugariak. Lehia (zintzoa) izugarria da. Aipatzen hasten banaiz, bat baino gehiago ahaztuko dudan beldur naiz, baina tira, saituko naiz (askoren abizenak ez dakizkit): Belén Mijangos eta Pablo Cabeza klasikoak, eta La máquina de huesos, Stuart MacDonald, Borja Hortelano, Guillermo Urkijo, Oscar Bedwyr, Donca, Tom Hagen, musikota, musifota, hell-yeah, aierttt, Jon Iraundegi… Guztiek egiten dituzte inbidia eragiten didaten argazkiak. Eta bat baino gehiago ahaztu dudalakoan nago.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button