MUSIKA

Musikagileak zirkuituak bi kontzertu eskainiko ditu Donostian

XIV. Musikagileak Musika Garaikidearen zirkuituak makina bat kontzertu, ikastaro eta hitzaldi antolatu ditu, eta lehenengo bi kontzertuak azaroaren 10ean eta 11n izango dira, Donostian.

Ostiralean Akartia Hirukotea izango da protagonista, ahotsa, saxofoia eta akordeoia biltzen dituen taldea. Musikariek hiru lan estreinatuko dituzte, izan ere, Etxepare Institutuak Flandes-Euskadi kultur elkartrukerako programaren barruan enkargatu dituen bi lanen erabateko estreinaldia programatu da Easo Abesbatzaren egoitzan. Ward de Vleeschhouwer konpositore flamenkoak euskarazko testu batean oinarritutako obra bat idatzi du, eta Mikel Chamizo euskal konpositoreak gauza bera egin du nederlanderaz idatzitako poemekin. Akartiak, gainera, Mateo Rigotti, Tiina Myllärinen eta Pascal Gaigneren obrak interpretatuko ditu.

Larunbateko hitzordua, bestalde, San Telmo Museoko elizan izango da, eta Jabi Alonso perkusionistak gidatzen duen Ametsolak ensemblea izango da protagonista. Musika garaikidearen arloan euskal talde aktiboenetako bat, eta San Telmo Museoan eskainiko duen kontzertu honetarako Ainhoa Gutierrez txalapartariaren eta Sinkroko hainbat kideren laguntza izango du, bai instrumentuetan, bai ikus-entzunezko hedapenean.

Hortaz, bi taldeek Euskal Herriko eta nazioarteko egileak nahasten dituen lan sorta bat aurkeztuko dute. Bi kontzertuak 19:30ean hasiko dira.
Beste aldetik, azaroaren 11n eta 25ean artearen eta soinuen arteko harremana ikertzen duten beste bi tailer egingo dira San Telmo Museoan, Remigio Mendibururen Txalaparta eskulturaren inguruan. Naia Membrillera perkusionistak gidatuko ditu.

Kontzertuen gaineko xehetasun gehiago: Musikagileak

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button