ARTEA

Anne-Lise Broyer artistaren zuhaitzak Rekalde Aretoan

Bilboko Rekalde Aretoan abiatu du Anne-Lise Broyer artista frantziarrak, Au Roi du bois izenburupeko erakusketa. Bere irudi ilunak, batzuetan fantasmagorikoak, ikusi ahalko dira azaroaren 3ra bitartean.

Au Roi du bois erakusketan, Anne-Lise Broyer-ek bere ikusizko literatura edota literatura fotografikoa erakusten du, hots irakurraldietatik argazkigintzara egiten du salto.
Rekalde aretoan paratu dituen lanek oso sorburu zuzena dute; artistak zenbait liburu irakurtzean (Georges Batailleren Le Coupable, Pierre Michonen Le Roi du bois eta William Faulkneren Sanctuary) sentitu duen zirrara plasmatu nahi izan du.

Hortaz, argazkiek, marrazkiek, eta instalazio eta soinu-banda batek eratzen dute Au Rois du bois izeneko erakusketa. Sortu duen irudiaren oinarria irakurritako testuak dira, baina pintura edo zinemako lanez ere elikatzen da.

Iruditeria aberats batean barneratzen du ikuslea, misterioari uko egin gabe errealitatea zeharkatzen duen iruditerian.
Horrexegatik esan daiteke, artista frantziar garrantzitsu honek zalantzan jartzen duela argazkigintzak, literatura, zinema, pintura, marrazkia eta grabatuarekin duen harremana.

Anne-Lise Broyer (Lons-le-Saunier, Frantzia, 1975) Parisen bizi da, eta bertan lan egiten du. Parisko Arte Dekoratzaileen Goi-mailako Eskola Nazionalean, eta Ikasketa Tipografikoen Tailer Nazionalean ikasi zuen, eta zinema-aretoetara eta liburutegietara joaten osatu zuen prestakuntza.

Frantzian eta beste herrialde batzuetan erakutsi ditu lanak, eta Parisko Galerie Particulièrek ordezkatzen du. Bere lanak museo hauetako bildumetan daude jasota: La Roche-sur-Yon, Grenobleko Artothèques, Lannioneko L’imagerie, Gapeko La Passerrelle eta Frantziako Liburutegi Nazionala.

Lanak ikusgarriak dira oso. Bere webgunean paseo bat eman dezakezue begiak zabal-zabalik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button