ESZENA

Dantza Zirkuituak bi proposamen dakartza Gipuzkoara

XVII. Dantza Zirkuituaren programazioak bi proposamen ondu ditu aste honetan Gipuzkoan.  Ostegunean, hilaren 29an, Ertza taldeak Zehar koreografia aurkeztuko du Zarautzeko Modelo aretoan. Eta biharamunean, hilaren 30ean, ostiralez, DOOS Colectivo konpainia Eibarko Coliseo antzokian izango da Gorpuztu ikuskizunarekin.

Asier Zabaleta dantzari eta koreografoaren bultzadaz sorturiko Ertza taldearen Zehar koreografiak honakoaz hausnartu nahi du: “Inguratzen gaituen guztiak, gu barne, etengabeko mugimendu zikliko batetan parte hartzen du. Jaiotze eta hiltze errepika baten baitan. Eta gure begietara zerbait hiltzen denean, beste ziklo baten parte izatera pasatzen da. Beste mugimendu berri batetan bilakatzen da. Azken finean bizirik darrai nolabait. Guk asmatutako denbora finitoa motz gelditzen da amaigabeko jario infinito hori neurtzerako orduan”.
Pieza horretan, pertsona baten transformazioen testigu izango da ikuslea. Itxura, emozio, bizipen eta ikasgai ezberdinetan zehar ordubeteko bidaia bat.

DOOS Colectivo konpainiaren Gorpuztu dantza garaikideko pieza bat da. Piezaren jatorria erlijio ezberdinetako momentu zehatzetan egiten diren gorputz erabileren azterketa da. Eva Guerrerok eta Garazi Lopez de Armentiak gorputzetik hasten den ikerketa lantzen dute. Gorpuztuk ez du erlijio edo kontzeptu erlijiosoez hitz egiten, baizik eta gizakiaren historian atzerakariak diren gaiez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.