
Chillida Lekuk Harri, Lurra, Huts erakusketa abiarazi du maiatzaren amaierara arte. Bertan, Eduardo Chillidaren unibertso materikoa lurraren eta harriaren ikuspegitik aztertzen da. Erakusketak ehun bat pieza biltzen ditu, eta erakusketaren programazioaren barruan, hainbat hezkuntza mailatara egokitutako bisita, tailer eta hezkuntza jarduerak antolatu dira.
Erakusketaren izenburua, bere eskulturak izendatzeko Eduardo Chillidak erabiltzen zituen hitzak dira. “Euskal Herriaren nortasunarekin bat egiten duten hitz zirraragarri eta ozenen jokoa da, baina nazioarteko paper edo guraize harriaren jokoa ere gogora ekartzen du, non material bakoitzaren aukeraketa eraldatzeko gaitasunak baldintzatzen duen”
Erakusketa eskalaren eta materialaren arabera ordenatuta dago eta “elementu bakoitzak bere espazio propioa du bere nortasun propioa indartzeko”. Mundu horretan barneratuko den bisitariak ikusiko du nolako bilakaera izan duen Chillidaren hizkuntza eskultorikoak, horrexegatik, erakusketak harriaren eta lurraren ezaugarri espresibo eta metamorfikoak aztertzen ditu.
Bertan agertuko diren hiru elementuetatik, hutsunea da Eduardo Chillidaren eginkizun pertsonalena: “Bereziki 60ko hamarkadaren erdialdean eskultoreak eskulturaren ariketa arkitekturara makurtu eta materian barne espazioak sortu zituenean”.
Gero, 70eko hamarkadaren erdialdean, Chillidak txamota lurra deskubritu zuen, dentsitate handiko lur ba. Eskultoreak erabili zuen materialik bigunena izan zen.
2024ko urtarrilaren 10ean bete zen Eduardo Chillidaren jaiotza-mendeurrena, eta ia hogei erakusketa nazional eta nazioarteko izan ditu orain arte, baita kontzertu, hitzaldi, argitalpen eta abarrez osaturiko programa zabal bat ere.