
Bilboko Kafe Antzokian, Guggenheim Bilbao Museoan eta Barakaldo Antzokian garatuko da ACT Lan Laburren Antzerkialdia, gaurtik larunbatera bitarte. Gaur, hain zuzen, inaugurazio-ekitaldia egingo da Bilboko Kafe Antzokian, 20:00etatik aurrera.
Kafe Antzokian hiru lan ikusteko aukera izango da: Italiako Giselda Ranieri & Elia Moretti konpainiak i… i… io?! / Give me a moment aurkeztuko du; Suitzako Umplush-ek Labor; eta, azkenik, Collettivo Piratejenny italiarrek Cheerleaders antzeztuko dute.
i…i…io?! / Give Me A Moment akrobaziak egiten dituen neska baten istorioa da. “Zalantzati mugitzen da, bizitzaren borrokari aurre egiten dio, bere frustrazioa nabarmentzen du, menia baten beharrari kantu egiten dio, arnas hartzea eskatzen du, besterik ez”.
Labor dantza-ikuskizuna da, eta dependentziaren eta gizakiak teknologiarekiko erakusten duen liluraren inguruan ardazten da.
Chearleaders talde-jolasa da, eta ikus-entzuleek jolas horretan parte hartzen dute, obra kolektiboa eratu arte. “Performanceak erresistentziari, ernetzeari eta norberaren ospakizunari buruzko errizoma sortzen du”.
BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak antolatzen du jaialdia, eta aurtengoa 14. edizioa da. “ACTek arte eszenikoetako artista berrientzako, adituentzako eta ikusleentzako erreferentzi izan nahi du. Joera eszeniko berrietara irekia, ACTek hezkuntza, nazioarteko harremana eta sortze lan berriak programatu eta sustatzen ditu”.
Jaialdiari buruzko xehetasun guztiak: bai-bai.net.