
Urrian abiatu zen Gasteizeko Artiumen erakusketa bikain hura, Jutta Koetherren Black Place. Datorren astean itxiko da definitiboki, beraz, azken egunak dituzue ikusteko.
Jutta Koetherrek (Kolonia, 1958) pinturan oinarritutako eta idazkerak, performanceak eta musikak zeharkatutako praktika artistiko bat garatu du. Praktika horiek artearen historiografiarekiko diziplinarik ez izaten eta bere genealogiak bilatzen lagundu diote. Koetherren lana ezkutuan eta modu desobeditzailean hurbiltzen zaio margolaritzaren historiari, eta feminismoak eratutako praktika artistiko baterako leku gisa aldarrikatzen du baliabide hori.
Black Place erakusketak formatu eta material askotako lanak biltzen ditu; Botticelli, Rubens… margolarien lanen berreskuratzeak diren oihal handiak edota formatu ertain eta txikiko lanak, era askotako euskarrietan eginak, non Koetherrek beste material batzuk aplikatzen dituen.
Jutta Koether Kolonian jaio zen 1958an. Artea eta filosofia ikasi zituen Koloniako Unibertsitatean, eta Whitney Museum of American Art-eko Ikasketa Independenteen Programa jarraitu zuen New Yorken, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran; museo eta erakunde askok eskaini dizkiote erakusketa monografikoak haren lanari. Artista gisa egindako lanaz gain, Koetherrek arteari eta musikari buruzko aldizkarietarako idatzi du. 2010az geroztik, Pintura eta Marrazketa irakaslea da Hanburgoko Arte Ederren Unibertsitatean.



