LITERATURA

Bizkaiko Diputazioak aurtengo “Lauaxeta Sariak” banatu ditu

Sariketaren XVI. edizio honetan, Amaia Merino, Miguel Angel Llamas, Jon Gerediaga eta Elena Olavek jaso dute Lauaxeta Saria 2020. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta kirol foru diputatuak sariak banatu dituzte Foru Jauregian egin den ekitaldian.

Pandemiak markaturiko edizio honetan, Lauaxeta Poesia Saria Jon Gerediaga eta Elena Olaverentzat izan da. Lauaxeta Poesia Saria, 35 urtetik gorakoen kategorian, Jon Gerediagak eskuratu du, Natura berriak poema liburuagatik. Bere hizkera poetikoak lotura egin du natura gai gisa erabili izan duen euskal poesiaren tradizioarekin eta Xabier Lizardi edo Bitoriano Gandiaga ekarri ditu gogora. Gainera, kohesio nagusia du liburuak, denboraren joan-etorria esaldi bikainez osatuz eta deskribatuz.
35 urtetik beherakoen kategorian, Elena Olave izan da saritua, Zeldak-Gorputz honetatik poema-bildumagatik. Abiapuntu garbia hartu du poetak, norberaren gorputza hizkuntza poetiko latza osatzeko bere lehen poema liburu horretan. “Munduak sortu dizkion deserosotasunak dira liburuaren ibilbidearen oinarri, eta liburuko ataletan poeta gazteak bilaketa egin du errealitateak jartzen dizkion mugen aurka, betiere gorputza jarriz subjektibotasunaren aurkikuntzarako egindako bidean”.

Ikus-entzunezkoen Saria, memoria historikoari buruz euskaraz sortutako dokumental formatuko ikus-entzunezko lanak saritzen dituena, Amaia Merino Unzueta eta Miguel Angel Llamas Montoya zuzendariek jaso dute Non dago Mikel lanagatik.
Lanak duela 35 urteko gertakariak eta testigantzak berreskuraturik, eta gordinki azaldurik, ezagutzeko eta ez ahazteko proposamena egiten du, justizia eta oroimenaren garrantzia aldarrikatuz.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button