LITERATURA

“Artzapezpikuaren bisita” euskaratu du Elorriagak

Adam Bodor idazle hungariarraren Artzapezpikuaren bisita liburua itzuli du Unai Elorriagak. Ádám Bodor 1936an jaio zen Cluj hirian (hungarieraz Kolozsvár), Errumaniako gutxiengo hungariarraren baitan. Apaizek zaindutako kontzentrazio-zelaiak dauden herri imajinario batean kokaturiko eleberria da Elorriagak itzulitakoa.

Unai Elorriagak liburua eskuratu, eta berehala bururatu zitzaion euskarara itzultzea. Hasiera batean argitaratzeko asmo barik hasi zen itzultzen, ariketa literario gisa. “Amaitu nuenean pentsatu nuen ez legokeela txarto testu eder hori, niri hainbeste irakatsi didana, euskaraz, beste irakurleen eskura egotea. Orduan proposatu nien editoreei”.

Ádám Bodor idazleak gaztetatik izan zituen arazoak polizia politikoarekin. 1952-54 bitartean preso eduki zuten. Teologia protestantea ikasi zuen unibertsitatean, gero horretan jardun ez bazuen ere; itzultzaile eta artxibozain aritu zen, 1982an Hungariara joan zen arte. Hamar bat liburu idatzi ditu.

“Errumaniak izan ditu une latzak hogeigarren mendean (ez Ceausescurekin bakarrik). Herritar gehienak egon dira gutxituta, baina are gehiago gutxiengoan zeudenak, tartean Ádám Bodor. Zapalketa hori, baina, maisutasunez kontatzen du hungariarrak, distantziatik, ironiatik, txorimaloez ariko balitz legez”, azaldu du itzultzaileak.

Idazle bizkaitarra erabat txundituta dago liburuaren egiturarekin. “Etengabe ari da idazlea aurrera eta atzera, hasiera amaiera izan daiteke, baina ez da, jauziak egiten ditu, mota guztietako olgetak egiten ditu, baina, hala eta guzti ere, irakurleak beti dauka kontakizuna aurrera doan inpresioa, sekula ez da galtzen”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button