
Kutxa Fundazioak, Bidean Produkzioak elkartearekin elkarlanean, musika herrikoia klabe garaikidean berrinterpretatzen ari diren artistak eszenaratzeko Bizi ala Iraun musika-zikloa prestatu du berriro. Guztira, zortzi kontzertu eskainiko dira maiatzera bitartean Kutxa Fundazioa Kluba aretoan, 21:00etan.
Lehen hitzordu honetan (hilak 14) Xabier Zeberiok eta Iñar Sastrek Pause lana aurkeztuko dute. Xabier Zeberioren bakarkako lehen lana da hori. Bederatzi pieza berri biltzen dituen albuma Aitor Etxebarria ekoizlearekin eskuz esku landua izan da.
Lan hori egiterakoan Iñar Sastre (pianoa), Aitor Etxebarria (pianoa eta soinu diseinua), Liam Ó Maonlai (ahotsa eta harpa zeltiarra), Markel Zeberio (biolontxeloa) eta Alos Quarteten (Francisco Herrero (biolina), Lorena Núñez (biola), Ivan Carmona (biolontxeloa)) kolaborazioak izan ditu.
Martxoan, Ale Acosta, Ramper, JaiEgun, eta Ángeles Toledano taldeak arituko dira. Apirilean, Inés Osinaga, María Ruiz eta Tarta Relena. Azkenik, maiatzean, Mitsune eta Joseba Irazoki bilduko dira kontzertu batean.