BESTELAKOAK

“Bisualak” eta “Emakume artistak”, Nontzeberriren atal berriak

Nontzeberri webguneak bi atal berri sareratu ditu amaitzear dagoen 2013. urtean: Bisualak eta Emakume artistak.

Lehenengoak Euskal Herriko artista bisualen lanak jaso nahi ditu; lan artistiko horiek erakusleiho izan nahi du. Bigarrenak, berriz, bertoko emakume sortzaileen uzta jaso nahi du.

Bisualak

Nontzeberrik izugarrizko garrantzia ematen die arte eta adierazpide bisualei (argazkigintza, ikus-entzunezko lanak , arte urbanoaren adierazpideak,…).

Izan ere, egungo gizartearen kutur eta arte adierazpideetara ondo lotuta dagoen webgunea dela aintzat hartuta, eta sarea lan bisualak erakusteko tresna nagusi bilakatzen ari delako, ohiko espazio fisikoekin batera, euskal artista bisualek euren tokia behar dute Nontzeberri webgunean. Nontzeberriren xedea Euskal Herriko jardute artistiko eta kultural guztiaren isla izatea da; hortaz, euskal ilustratzaileen erakusleiho ere izan daiteke.

Atal honen xede nagusia da artista bisualek ere euren tokia/atala izatea Nontzeberrin, euren lanak erakuts ditzaten, eta Nontzeberri euskal ilustratzaileen erakusleiho izan dadin.

Emakume artistak

Hainbat diziplina kultural lantzen dira gure webgunean, beren osotasunean eta tokian tokiko interesen arabera ere bai. Hainbat lehiaketa gizarteratu ditugu Nontzeberrik hasi zenetik, horien guztien artean Argazklik izenekoa egin genuen 2008an.  Ideia zen: “ditugun, asmatzen ditugun eta ezarriak izan zaizkigun rolei buruzko gogoeta egitea. Generoaz ari garela, bada, maskulino/femenino, ar/eme, gizon/emakume, bikote tradizionaletatik harago joan nahi izatea”.

Arrakastatsua zen lehiaketa eta 5.000 argazki baino gehiago jaso genituen. Harrezkero, sortu zen emakume sortzaileekiko grina.

Nontzeberri plaza beharrezkoa ikusten dugu euskal emakume sortzaileak eta euren lanak haizatzeko. Izan ere, argazkilari asko baditugu gurean paraturik, eta elkarrizketa asko egin diegu emakume sortzaile gazteei, oso lan interesgarriak egiten dituztelako, eta nolazpait bisibilitatea falta zaielako, hainbat kasutan.

Asmoa, hortaz, horixe litzateke, hain puntakoa den Nontzeberri bezalako webgune batean, arlo berezi bat zabaltzea gure webgunean, emakume sortzaile hauen lan guztiak plazaratzeko, bisibleago, ikusgarriago egiteko, egilearen datuekin eta, egiten dituzten lan laginekin batera.

Egilearen datu guztiak orri txukun, dinamiko eta estetiko batean jarriko dira, elkarrizketa edota bideoa batekin hornituta, eta egiten duen lanaren gaineko xehetasunak ondo jarriak.

Bi atal horiek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button