
Hiriko Soinuak lehiaketaren hirugarren edizioa prest du Barakaldoko Udalak. Lehiaketan izena emateko epea uztailaren 23ra arte egongo da zabalik.
Lehiaketa EAEko talde eta bakarlariei zuzenduta dago, argitaraturiko bi disko baino gutxiago dituzten talde eta bakarlariei hain zuzen ere, eta lau kategoria izango ditu: kategoria nagusia, Barakaldoko artista onena, Berdintasun kategoriako artista onena eta Euskarazko artista onena.
Aurten gainera, sari nagusiaren eta Barakaldoko artista onenaren kategorietako irabazleak Bizkaia Arenan arituko dira urriaren 30ean, izen handia duen artista batekin batera. Sariei dagokienez, besteak beste, sari nagusia eta Barakaldoko artista onenaren saria irabazten dituzten taldeek Gaua Produccionesen estudioetan disko bat grabatu, ekoitzi eta masterizatzeko aukera izango dute; eta Berdintasun eta Euskara sariak irabazten dituztenek, berriz, single bat eta abesti bat, hurrenez hurren.
Izena emateko epea amaitzean, epaimahai profesional batek erabakiko du zein artista igaroko diren finalera. Irailaren 25ean ospatuko da Barakaldo Antzokian eta 6 talde edo bakarlari arituko dira bertan.
Informazio guztia www.barakaldo.eus webgunean eskuragarri dago.



