Nontzeberri

Korrontzi taldeak kontzertua eskainiko du Lekeition

Aurten Korrontzi taldeak 20 urte bete ditu eta, urtemuga hori ospatzeko Korrontzi 20 izeneko lana ondu du. Makina bat plazatan ibiliko da aurten lan berria haizatzen. Horietariko bat Lekeitio izango da, eta hala, gaur berton, hilak 22, 20:00etan, eta bertako Ikusgarri Aretoan bere musikaz gozatu ahal izango duzue.

Korrontziren hamabigarren diskoa da aipaturiko hori. Asmo handiko proiektua da, eta taldeak Luis Peixoto ekoizle portugaldarraren laguntza izan du Korrontziren errepertorioko kantuetako batzuk bertsionatzeko garaian, baita beste berri batzuk ekoizteko ere .
Guztira 20 abesti, 20 kolaboratzailerekin, eta horien artean: Phil Cunningham (Scotland), Michael McGoldrick (UK), Luar Na Lubre (Galiza), edo Iñigo ETS, Alex Gatibu edo Gozategi (EH).

Ibilbide musikal arrakastatsuko 20 urte hauetan, Korrontzi herri musikaren eta euskal tradizioen enbaxadoreetako bat bilakatu da, gure hizkuntza, dantza eta musika euskaraz ezagutaraziz.
Taldea Agus Barandiaranek (trikitixak eta ahots nagusia), Ander Hurtado de Saratxok (perkusioak eta bateria), Kike Morak (kontrabaxua, baxua), Alberto Rodríguez (gitarra, mandolina) eta Cesar Ibarretxek (zuzeneko soinuaren teknikari arduraduna) osatzen dute.

Exit mobile version