
Bilboko Aste Nagusiko Metal, Pop-Rock Erakustaldiak bere 38. edizioa ospatuko du aurten eta dagoeneko prest du egitaraua: 16 talde igoko dira Bilborock Aretoko eszenatokira abuztuaren 16tik 23ra, eta 8 kontzertu bikoitzak eskainiko dira, lehena 20:00etan hasiko da, eta hurrengoa 21:00etan. Sarrera librea izango da, lekua bete arte.
Erakustaldiak estilo ugariko eskaintza zabala izango du beste behin, eta metal, punk, hard rock, folk, blues, soul, rap, eta pop-rock soinuak haizatuko ditu.
Aurtengo edizioan, 85 talde eta artistak eman dute izena, taldeetatik %47,06 Bilbokoak dira, eta gainerako %52,94 Bizkaiko Lurralde Historikoko beste herri batzuetan bizi dira. Izena eman duten talde guztien artean, 23k euskara erabiltzen dute, eta 22 taldek emakumeak dituzte beren kideen artean.
Aukeratu diren 16 taldetatik, bostek euskara erabiltzen dute beren letretan, eta zazpik emakumezko kideak dituzte.
Hortaz, parte hartuko duten taldeak honako hauek dituzue: Reeler, Elektrika, Jardín Infierno, Lova Lois, Deiedra, Flor Y Trol, Clara Corral & The Cute Canallas, Lur Jota, The Daltonics, Meridian, Samoah, Maialen Ibarra, Ms. Missery, Withredd, Malamuth eta Kernhell.