MUSIKA

Rock eztanda izango da “Zé Premikin!” jaialdian

Donostiako Egia auzoan dagoen Le Bukowski taberna musika zaleak Zé Premikin! izeneko musika jaialdia atondu du apirilaren 4an Gazteszenan. Ostatu ezagun horretako arduradunek kartel sendoa ondu dute Euskal Herriko eta Españako rock talde interesgarrienetarikoekin.

Euskal ordezkaritzari dagokionez, Nuevo Catecismo Catolico Donostiako punk rock talde mitikoaren emanaldiarekin hasiko da jaialdia 21:00etan. Ordubeteko saioa egingo dute donostiarrek eta gero Jupiter Jon laukotea igoko da oholtzara. Iaz Pleistozenoko Astelehenak izeneko lan interesgarri bezain sendoa argitaratu zuten, Sonic Youth, The Ex, edo 70eko hamarkadako post-punk erritmoei jarraituz. Hirugarren eta azken euskal ordezkaria Surfin Kaos izango da. Hirukote donostiarrak rock, pop eta surf estiloak uztartzen ditu eta orain arte lau disko plazaratu ditu; zuzenekoa 23:00etan hasiko da.

Gauerdian, karteleko izen nagusia arituko da: Madrileko Sex Museum taldea. Espainiarrek ibilbide luzea eta askotarikoa egin dute rock and rollaren esparruan eta iaz Again & Again izenburuko hamahirugarren lana kaleratu zuten. Bi orduz izango dira agertokian. Haien ostean, egoitza aspalditik Bilbon duen Capsula hirukote argentinarrak joko du. Madrildarren antzera, Capsulak ere bide emankorra egin du rock munduan. Izan ere, duela 15 urte eratu zen taldea, eta 2011. urtean John Agnellok ekoiztutako In The Land Of Silver Souls lana kaleratu zuen.

Azken kontzertua Lüger madrildarren eskutik etorriko da, 4:00etan. Rock psikodelikoa jorratzen duen banda honek bi disko argitaratu ditu orain arte, azkena Concrete Light izenekoa. Iaz argitaratutako lana da eta kritika ikaragarri onak jaso ditu. Lüger-en emanaldiaren ostean DJ Budin eta Makala arituko dira diskoak jartzen 6:00ak arte.

Ekimenaren antolatzaileek adierazi dutenez, datozen urteetan jaialdiarekin jarraitzeko asmoa dute, izan ere, jaialdi hau Le Bukowski tabernak bere bizitza osoan erakutsi duen musikarekiko grinaren isla da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button