IKUS-ENTZUN

Bilboko “Bazterretik Erdira” zine forumean, Afrikako homofobia

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak antolaturik, LGTBI+ kolektiboko kideek Kenyan bizi duten egoera ezagutzeko Rafiki (2018) izeneko filma proiektatuko dute Bazterretik Erdira zine forumean. Ekimena gaur berton izango da, Bilboko Hika Ateneon. Osasun eta segurtasun arrazoiengatik izen ematea eta musukoa eramatea beharrezkoa izango da.

Afrikan gizarteak pausuak eman baditu ere, oraindik LGTBI+ kolektiboak hainbat egoera ez bidezko pairatu behar ditu. Horixe islatu eta salatzen du Rafiki (2018) pelikulak Kenyan egun bizi duten errealitatea aurkeztuz. “Rafiki hitzak lagun esan nahi du swahili hizkuntzan eta gizartean dagoen homofobia dela eta sexu berdineko pertsonak adiskide eta familiaren aurrean aurkezteko moduari egiten dio erreferentzia. Zoritxarrez, oraindik Kenyan homosexualitatea 14 urteko kartzelarekin zigortzen da”.

Filmaren korapiloa honakoa duzue: Nairobin, Kena eta Ziki ikasleek bizitza oso ezberdinak daramatzate, baina biek ahal dutena egiten dute ametsak lortzeko. Beren bideak gurutzatzen dira beren gurasoak aurrez aurre jartzen dituen hauteskunde kanpaina baten erdian. Neskek elkar maite dute, baina Kenyako gizartea oso kontserbadorea da, eta maitasunaren eta segurtasunaren artean aukeratu beharko dute.
Filma debekatu egin zen hasiera batean Kenyan, legearen aurka zihoala argudiatuz. Hortaz, ikusi behar da.

Gaurko proiekzioa Bazterretik Erdira proiektuko bigarren zita izango da. Hurrengo bi hiletan feminismoa eta LGTBI+ kolektiboarekin zerikusia duten gaiak landuko dituzte. Hala,  azaroaren 24an, Una mujer fantástica eta abenduaren 15ean, Pride filmak pantailaratuko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button