ARTEA

Errealitateak eta fikzioak Bilbao Arte Fundazioan

2011 urtean Bilbao Arte Fundazioan bertan gauzatutako proiektua da Ana Riañok gaur berton inauguratuko duen De realidades y ficciones erakusketa. Lan bilduma martxoaren 2tik aurrera ikusi ahalko da Bilbao Arte Fundazioaren erakusketa-gelan.

Ana Riañok margolaritzaren alorreko proiektu bat egin du, zinemako pantailak itxuratzen dituzten tamaina handiko obretan oinarritzen dena, hau da, formatu panoramikoko piezetan (16:9). Lanotan, filmetako pertsonaiak bere bizitzako espazioetan agertzen dira margoztaturik. Oihalak zuri-beltzekoak dira, eta zinemako pantailez inguratua egoteko irudipena sorrarazi nahian daude.

Proiektu honekin, helburu bikoitza lortu nahi du artistak. Alde batetik, zinemak arte plastikoen komunitatean betetzen duen eginkizunaz hausnarketa egin nahi du eta beste aldetik, irudiak eta keinuak pintura errealista garaikidean duten eginkizunaz ere ikerketa egin.

Nolabait ere, Ana Riañoren lana kultur historiaren une baten barruan kokatzen da, gaur egunean, hain zuzen ere, oinarrizko eztabaidak honako gai hauek lantzen dituen unean: egiletzaren balioa, jabetza intelektuala, sormenezko aurrekarien berrirakurketa, ikusleak sortzaile gisa izan dezakeen zeregina, kulturaz egiten duen jabetza edo kontsumoa, eta abar.
Laburtzeko, eztabaidagaia, jokoan dagoena, honako hau da: gu garen neurri berean al da gurea kultura?

Ana Riaño Arte Ederretan lizentziatua da EHUko Unibertsitatean. Hainbat ikastaro eta mintegi egin ditu, besteak beste: Exponerse, Producción/Edición/Difusión, Pintura garaikideko teknologia eta aplikazio berriak, De bits a átomos eta 3Dko modelatu-ikastaro bat. Honako sari hauek ere jaso ditu: UNEDeko XI. Pintura Lehiaketan hautatua; Murtziako Unibertsitateko X. Pintura Lehiaketan hautatua; XXXVI Bancaja Sarian hautatua; Bilboko Jaietako kartelen lehiaketako Lehen saria; Carsa Arteko V. edizioan hautatua.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button