MUSIKA

Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdiaren 22. edizioa prest

Ekainaren 18tik 20ra Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdiaren 22. ekitaldia izango da eta aurten estilo anitzeko artista eta taldeak jardungo dira jaialdian: Eric Sardinas, Raimundo Amador, Bettye LaVette eta Music Maker Foundation. Saio guztiak Algortako Biotz Alai plazan izango dira lehenengo aldiz, 21:00etan, azken eguneko saioa izan ezik, 20:00ean hasiko da eta.

Ostiralean, ekainak 18, Eric Sardinas maisu handiak emango dio hasiera jaialdiari. Treat Me Right bere lehen diskoa eta Devil's Train bigarrena, erabat zirraragarriak izan ziren; lan horietan bietan argi geratu zen bluesa lantzeko estilo berri harrigarri bezain indartsua: erreala, gordina eta biziki basatia. Getxon emango duen saioan gonbidatu berezi batekin ariko da elkarlanean, Raimundo Amadorrekin, hain zuzen ere, flamenko musikako gitarra jolerik aipagarrienetakoa.

Hurrengo egunean, larunbatean, gaur egun soul musikak duen dama handietako bat etorriko da: Betty LaVette. 2008ko Grammy sarietan izendapena jaso zuen The Scene of Crime lanarengatik, eta 2004 eta 2008an, berriz, Blues Music Award delakoa eskuratu.

Egun horretako proposamena osatzeko, Biotz Alai plazako kontzertua bukatzen denean, 23:30ak aldera, The Piper's Irish Pub lokalak hartuko du lekukoa. Bertan, blues gauak luzapena izango du, Blues de Luxe talde bilbotarraren eskutik.

Azkenik, jaialdiaren azken ekitaldia hilaren 20an izango da, igandean, Music Maker Foundation ekipoarekin. Ikuskizun honen bidez benetako blues kluben giroa bizi ahalko da. Artista beteranoak igoko dira eszenario gainera, oinarri erritmiko bikain baten laguntzarekin. Blues Maker Foundation ekimenak izen handiko artistak bilduaraziko ditu Getxon: Dr. Burt, Pat Cohen, Eddie Tigner, Beverly Watkins, Tommy Brown edota Lil' Joe, blues musika onenaren inguruan betiere.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button