ESZENA

Joglars antzerki-talde mitikoa Arriaga Antzokian

Egunotan, Joglars antzerki-talde mitikoak Arriaga Antzokian eskainiko du bere azken produkzioa, El rey que fue hiru emanalditan:  bihar eta etzi (ekainaren 13an eta 14n) 19:30ean, eta igandean, 19:00etan.

Pieza berrian hausnarketa bat proposatuko du taldeak, “Juan Carlos I Espainiako errege emerituaren izaera existentzialari buruz”.
Hauxe duzue lanaren sinopsia: “2023. urtea. Persiar golkoa. Errege emeritu, zahar eta erbesteratuak aberri urrun eta maiteko zaporea sentitu nahi du. Festa bat antolatu du luxuzko belaontzi batean, itsas zabalean paella gozo bat dastatzeko. Kazetariak, lagunak, jekeak eta senitartekoak gonbidatu ditu. Zer atera daiteke gaizki? Inora ez doan bidaia bat. Juan Carlos I.aren bizitzaren berrikuspen humano eta zorrotza, eta azken 50 urteetako Espainiarena. Shakespeareren ukitua duen tragedia, ostrazismoan bizi den errege bati buruzkoa, agertokira iraganeko mamuak, erabakiak, damuak eta harrokeriak dakartzana. Zer gertatu zen gauzak horrela amaitzeko?”

Joglarseko kideak oholtza gainean ibiliko dira: Ramon Fontserèk erregearen papera egingo du, eta berarekin Pilar Sáenz, Dolors Tuneu, Martí Salvat, Javier Villena eta Bruno López Linares arituko dira. Dramaturgian Albert Boadellak eta Ramon Fontserèk parte hartu dute.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button