LITERATURA

Bilbaopoesia Alaskaraino joango da

Bilbaopoesiaren azken astea abian da, eta gaur, hilak 20, Loraldiarekin elkarlanean, Castillo Suarezek Alaska bere azken liburuko poemak errezitatuko ditu, eta Juantxo Zeberiok musika jarriko die.

“Alaska garai batean Altsasun egon zen jatetxe bat izan zen, bidaiariz eta turistaz betea egoten zena, Bernardo Atxagak bere liburuetako batean aipatu zuena. Amerikak bere ipar muturrean Siberiarekin bat egiten duen lurralde hotz hartan egin zuen jabeak nahikoa diru jatetxe hura muntatu eta, ondoren, Etzegaraten hotel handi eta elegante bat egiteko, igerilekua zuena, gaur egun abandonatuta dagoena. Maiz idatzi da desamodioaz eta abandonuaz, baina gutxiago tokiekin lotzen gaituzten hari ikusezinez, tokien dolua nola egin ez dakigula. Izan ere, geure bizia, geure puskak, berriz ikusiko ez dugun jendearengan uzten ditugu, berriz egongo ez garen tokietan. Eta denok dugu Alaska bat geure baitan. Denok dugu geure oroitzapenetara kateatutako tokiren bat, osorik edo erdizka gogoratzen duguna. Maite izan genuen norbait, egun non dagoen ez dakiguna.”

Bihar, asteartean, hilak 21, Poesiaren Munduko Eguna da eta jaialdiko hitzordu garrantzitsuenetako bat programatu da. Raul Zurita, Txileko poeta handienetako bat, Reina Sofía Poesia Iberoamerikarraren Saria jaso zuena, izango da protagonista Ni pena ni miedo errezitaldiarekin. Ramon Andres poeta eta saiakeragilea izango da aurkezlea.

Bilbaopoesiaren programazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button