
Bilbao Metal Pop-Rock erakustaldiaren 37. edizioak, beste urte askotan egin duen bezala, Aste Nagusira eramango du bertoko metal eta pop-rock musikarik onena. Aurten, abuztuaren 17tik 24ra bitartean, 16 emanaldi egingo dira, Bilborock Aretoak 8 kontzertu bikoitz hartuko dituelako.
Udalaren helburua da “lehiaketatik pasatzen den pertsona bakoitzak gustuko duenarekin gozatzea, eta, ahal bada, ezagutzen ez zuen kontzertu edo talde horrekin harrituta geratzea”.
Aurtengo proposamenak eklektikoak dira, eta genero estilo eta soinu ugari eskainiko dituzte, hala nola elektro pop, hip hop, rap, swing, blues rock, indie pop edo punk doinuak.
Aurtengo edizioan, 116 taldek eta artistak eman dute izena, horietarik %44,8 bilbotarrak dira, eta %55,2, Bizkaiko gainerako lurralde historikoan bizi dira; 34 taldeetan euskara erabiltzen dute, eta 49 taldeetan emakumeek parte hartzen dute.
Abuztuaren 17an, Sweet Rage eta Pomeray taldeek irekiko dute Bilborock Aretoko oihala. Eta Frakturen eta Knivesen soinuek itxiko dute. Aurtengo kartelean ere Ibai García Blues Project eta Memphis Belles taldeen kantak entzungo dira, astelehenean, abuztuaren 19an, eta baita Simón Carranzaren pop-rocka eta VitterSweeten R&B Neo Soul elektro rapa ere, asteartean, abuztuaren 20an.
Asteazkenean, abuztuaren 21ean, pop-rocka Soporte Vital Básico taldearen eskutik etorriko da, eta hegoaldeko rocka, berriz, Triple Zero Band taldearen eskutik. Soinu gogorrenak ostegunean, abuztuaren 22an, entzungo dira Adur eta Doble Fuerza taldeekin.
Azkenik, azken asteburuan, metala iritsiko da lau bandarekin: lehenik, Fear Crowd taldearen heavy metal klasikoa, eta 4 Villains taldearen metal rock melodikoa (ostiralean, abuztuaren 23an), eta, amaitzeko, Frakture eta Knives (larunbatean, abuztuaren 24an).