IKUS-ENTZUN

Mikrofilm Short Festival asteburu honetan Plentzian

Gaur, uztailak 6, eta bihar, uztailak 7, zine beltzari buruzko Mikrofilm Short Festival film laburren nazioarteko jaialdiaren estreinako edizioa egingo dute Plentzian. “Mundu mailako noir laburmetrai ekoizpen onenak erakusteko asmoarekin jaio den ekitaldia”.

Film labur onenak 2.000 euro jasoko ditu eta ikus-entzuleen film gustukoenak ere 1.000 euroko saria hartuko du. Ekimen honekin batera, bestelako jarduera paraleloak ere egin dituzte, tartean, kontzertuak eta Noir argazki lehiaketa. Lehiaketaz gain, hitzaldiak, bideo-mapping-ak, eta kontzertuak ere izango dira.

Honatx egitarau osoa: gaur, uztailak 6, 19:30ean Txema Muñoz Kimuak programaren zuzendariak hitzaldia emango du. 21:15ean, Mikro Variedades izenburupean, Pako Revueltas, Enriqueta Vegas eta Gurutze Beitiaren lanak ikusi ahalko dira. 22:00etatik aurrera lehiaketako film laburrak proiektatuko dituzte eta 00:00etan bideo-mapping-a egingo dute Plentziako elizaren dorrean. 00:40ean, kontzertua hasiko da: Joseba Irazokik (Atom Rhumba) eta Mikel Etxegaraik (Gutariko bat, Bizarra) emanaldi inprobisatua onduko dute.

Bihar berriz, bi hitzaldi izango dira. Batetik, Birdboy film labur saritua filmatu duen Pedro Riverok berbaldia eskainiko du, 18:30ean; bestetik, Bingen Mendizabal konpositore gasteiztarrak noir generoko filmen musika izango du hizpide, 20:00etan. 22:00etatik aurrera, film laburren lehiaketako lanak proiektatu ez ezik, sariak ere banatuko dituzte. Gero, bideo-mapping saio berria izango da, eta azkenik, 1:00etan kontzertua.

Egitarauaren xehetasun guztiak ondoko estekan: mikrofilmfestival.com.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button