
Iberdrola Dorreko Auditorioan egin da gaur goizean Bilbao Art District proiektuaren aurkezpena. José Luis Sabas Bilboko Udalaren Herri Lan eta Zerbitzuetako zinegotziak; Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak, eta Petra Pérez Vanguardia galeriako arduradunak eta Javier Gimeno Photo Gallery 2 galeriako ordezkariak eman dituzte Bilbao Art District proiektuaren nondik norakoak.
Bilbao Art District Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko hainbat museok, galeriek eta eragile artistikok bultzaturiko proiektua da, zeina Bilbok duen ezinegon artistikoa asetzera datorren. “Aldaketa urbanistikoarekin batera, aldaketa artistikoa ere gauzatu da hirian. Orain, nazioarteko zirkuitu artistikoetan sartu nahi dugu Bilbo, aparteko ekimen honen bitartez”, esan du José Luis Sabasek.
Datorren astean Arcon aurkeztuko den proiektu honek, Bilbo hiria erreferente bilakatu nahi du artearen munduan. Horretarako maiatzaren 3 eta 4an, Artearen asteburua izeneko ekimena antolatuko da. Horrela Bilbok bat egingo du Milan, Londres, Miami, Helsinki, Oslo eta bestelako hirietan egingo diren antzeko ekimenekin.
Egun bi hauetan musikak, esku-hartze artistikoak, performanceak, eta aisialdirako bestelako proposamenek beteko dituzte hiriko kaleak. Museoek eta galeriek ordutegi zabalgoak izango dituzte, eta oraindik ixteke dauden hainbat erakusketa inauguratuko dira.
Bilbao Art District ez da ekimen puntuala izango, denboran iraun nahi duen proposamen berritzailea baizik, Bizkaiko hiriburuaren identitate artistikoa kalitatezko kultur ekimenen bidez bermatu nahi duena, eta era berean, hiriko galeriak, liburu-dendak, zaharberritzaileak, arkitektoen estudioak, musika eta dantza akademiak eta arte eszenikoak ere inplikatu nahi dituenak.



