ESZENA

Abangoardiako koreografiak Bilbon

Gaur goizean, Bizkaiko Foru Aldundiko prentsa-aretoan BreakOnStage jaialdiaren hamalaugarren edizioaren aurkezpena egin dute Miren Josune Ariztondok Kultura foru diputatuak; Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Arloko zinegotzi ordezkariak eta Imanol Garaizabal BreakOnStage jaialdiko zuzendariak.

Hala, martxoaren 29an, Bilbao Arenan, eta 19:00etatik aurrera, BreakOnStage Nazioarteko Kultura Urbanoen jaialdiaren 14. edizioa abiatuko da. Kultura urbanoarekin lotutako jaialdirik garrantzitsuena da, eta honezkero, erreferentea da mundu osoan. Egun horretan, bi ordutan, iraupen laburreko 20 ikuskizun taularatuko dira, kultura urbanoaren barruko dantza, musika, kirola, irudiak, akrobaziak, eta abarrekin

 “Jaialdi ikusgarria da, abangoardiako koreografiak eta kultura urbanoa erakusten dituena, eta nazioarteko eta bertoko artistak ikusteko aukera eskaintzen duena”, adierazi du Miren Josune Ariztondo Kultura foru diputatuak.

Hiri-kulturari lotutako jaialdi bat da, eta mundu mailan ezagunak diren artistek parte hartuko dute.
Breakdance-aren alorrean Europako talderik onenak datoz: Holandatik The Ruggeds, Frantziatik Inesteam, eta Espainiatik Rst Crew, besteak beste. Los Angeles hiritik, Poe One break dantzari mitikoa dator epaile lanak eta ikuskizuna eskaintzera; Suediako Kaynix dantza-urbano talde famatua ere aipatzekoa da, baita Chey dantzariaren show berriaren estreinaldia ere.
Kirolaren alorrean Dirt Jump lehiaketa egongo da, non ranpa erraldoian bizikletarekin jauzi ikusgarriak egingo diren.
Gainera, hainbat kale dantza taldek, nazioarteko epaimahai baten aurrean, Bost Urban Dance lehiaketan norgehiagoka arituko dira, eta 3000€ banatuko dira saritan.

Ekimen ikaragarria amaitzeko, hip-hop kontzertua izango da Rayden rapero madrildarraren eskutik.

Gazteek eginda eta gazteentzat zuzenduriko jaialdia da, eta horrexegatik, sarrerak ere prezio onean salduko dira; 8 eta 10 euro bitartean.

Hori guztia eta gehiago, martxoaren 29an, BreakOnStage Nazioarteko Kultura Urbanoen jaialdiaren 14. edizioan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button