ESZENA

Euskarazko kultura garaikidearen proposamen berriak

Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo-Arrigorriagak bigarren edizioa ospatuko du eta euskarazko kultura garaikidearen proposamen berrienak aurkeztuko ditu irailaren 29tik urriaren 8ra bitartean. Bi asteburutan askotariko musika proposamenak, dantza, antzerkia, bertsolaritza, literatura eta baita gastronomia ere ikusi ahal izango dira.

Loraldiak Loraldia festibala antolatzen du urtero Bilbon eta udaberrian, euskaraz sortutako kultura garaikidearen proposamen berritzaile eta gaurkoenak erakusten dituena. Sustatzaileen helburua esperientzia horiek Euskal Herriko beste herri batzuetara hurbiltzea da. Horrela, Loraldia Plazarik Plaza! Zaratamo – Arrigorriaga 2022an jaio zen Zaratamo eta Arrigorriagako udalen ekimenari esker.
Ohi bezala, euskaraz sortutako kulturaren erreferenteek eta eszenako artista berriek hartuko dute parte, tartean, Igor Elortzak, Rafa Ruedak, Aukeran Dantza Konpainiak, La Basuk, Olatz Salvadorrek, Maialen Errotabeherek eta Pettik.

Loraldia Plazarik Plaza! irailaren 29an hasiko da Zaratamoko Elexalde Kultur Etxean, Bozak musika proposamen berritzailearekin. Lau ahots bilduko dira: Olatz Salvador Gipuzkoatik dator; Maialen Errotabehere eta bere bluesa Lapurditik; Zaratamotik gertu La Basu eta proposamen bikain hau osatzeko, Arrigorriagako Osterabe talde gaztea.

Urriaren 6tik 8ra bitartean, ekitaldiak Arrigorriagara eramango dira. Aukeran Dantza Konpainiak, Edu Muruamendiarazen zuzendaritzapean, Aiurri ikuskizuna aurkeztuko du. Ondoren, jaialdia Lonbo aretora joango da eta bertan Mira hadi. Eulalia Abaitua andre-begietan aurkeztuko dute. Antzerkia, musika eta arte bisuala uztartzen dituen Loraldiaren ekoizpena, Eulalia Abaitua lehen euskal argazkilariaren irudia gogoratzeko.
Urriaren 7an, Igor Elortza bertsolariak Rafa Ruedak Anonyme Popular aurkeztuko dute. Eta igandean, urriak 8, bi ekitaldi izango dira: Frankenstein agurgarria ikuskizuna eskainiko dute Pettik eta Ana Galarragak, eta Txin-txin txakolin eta gazta dastaketa bat antolatu da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button