
Oihaneder Euskararen Etxeak eta Montehermoso Kulturuneak antolatzen duten Belar Sounds jaialdiaren hirugarren edizioa Falerina lorategian egingo da berriz, “hiriko gune historikoaren birika hau musikaz betetzeko eta aisialdirako eta bizikidetzarako espazioa sustatzeko”.
Aste honetan hasita, ekainaren 26tik, irailera bitartean, makina bat kontzertu programatu dira txoko berezi horretan. Musika estilo desberdinetako taldeek euren lanak haizatuko dituzte udako hainbat asteburutan, aire zabalean egingo diren zuzenekoetan.
Diogun bezala, ekainaren 26an izango da lehen kontzertua Voodoo Charms taldearen eskutik. Estilo anitzak zabaltzen ditu taldeak, baina aldi berean lotura estua dutenak, hala nola bluesa, rocka, jazza eta rockabillya. Nahasketa honen emaitzari Voodoo & Roll deritzote.
Belar Sounds musika zikloaren hirugarren edizioan parte hartuko duten beste taldeak honakoak dituzue: The Binilo’s, Resaca Jackson, Serious Bussiness, Belceblues, eta Neona.